Bildu Amurriok dio EAJK bai Tokiko Gobernu Batzordeetan eta baita aste bakar batean egin diren beste batzordeetan ere 8.000 euro gastatu dituela. Gainera, batzorde hauek inongo eduki politikorik ez dutela eta bertan eztabaidatzeko ezer ez dagoela salatu du koalizioak.
Joan den ostegunean, apirilaren 19ko Tokiko Gobernu Batzordean aldez aurretik inongo batzordetik pasatu ez ziren lurralde politiketako 18 punturen gainean aritu zirela adierazi du Bilduk. “Behin eta berriro salatu dugu batzorde horretan mota horretako puntuak dagokion batzordetik pasatu beharko litzatekeela, guztion artean eztabaidatu ahal izateko, baina EAJk ez die jaramonik egiten gure aldarrikapenei”. Gainera, Bilduk salatu duenez, “zuzendu beharrean, aurreko astean lurralde politikekin zerikusia zuten 10 puntuetatik bat bera ere ez zen eztabaidatu dagokion batzordean”, izan ere, “eztabaidatu edo erabakitzekoak diren gaiak Tokiko Gobernu Batzordera eramaten dira, non EAJk hautestontziek eman ez zieten gehiengo absolutua erreserbatu duen”.
Bestalde, koalizioak adierazi duenez Tokiko Gobernu Batzorde bakoitzak 1.116,31 euro balio ditu, joan den aste horretan egin ziren Jendarte Politiken bi batzordeek 2.232 euro, Politika Kulturalen beste biek 2.232 euro eta Kirol batzordeak 1.116 euro.
Bilduk adierazi duenez “Udalak benetako edukirik ez eta eztabaidarik ez duten batzordetan guztira 6.687,86 euro suntsitu ditu eta beste 1.266,84 euro Tokiko Gobernu Batzordean, non eztabaidatzeko ezer ez dagoen EAJk gehiengo artifizial bat erreserbatu baitzuen”.