Larrinben dauden bi hezegune egokitzeko Arabako Foru Aldundiak eta Administrazio Kontseiluak hitzarmen bat sinatuko dute. Bertan bizi diren hainbat espezieak babestea eta zaintzea izango da ekimen honen helburua, haien artean baso-igel jauzkaria.
Larrinbeko Administrazio Kontseiluak Arabako Foru Aldundiko Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailarekin adostuko duen hitzarmen honi esker bertan dauden bi hezegune egokitu eta garbituko dira. Guztira, 100.000 metro karratu izango dira eta lanak Foru Aldundiak egingo ditu.
Baso-igel jauzkaria (Rana dalmatina) tamaina ertaineko anurua da eta Bizkaia, Nafarroa eta Araban baino ez da hazten penintsula osoan. Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan “kaltebera” gisa sailkatua dago, “interes berezikoa" Espezie Mehatxatuen Katalogo Espainiarrean, eta, “guztiz babestua” Europako Basa Bizitza eta Natur Ingurunearen zaintzari buruzko Bernako Hitzarmenean.
2005. urtean Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Amurrioko ikertzaile talde batek igel honen populazioaren garrantzia ikusi eta ikertzen hasi ziren mehatxuei aurre egiteko eta etorkizunean emango diren populazioen gora beherak hobeto ulertzeko.