JAVIER ITURRITXA mendizale eta idazleak (Mendoza, 1981) bi gidaliburu argitaratu ditu. Lehenengoa, “Aristas y Crestas de Euskal Herria” izan zen eta argitaletxe batekin kaleratu zuen. Oraingoan berak bakarrik editatu du eta hutsune bat betetzera dator “Euskal Herriko trokarte eta arroilak” gidarekin, izan ere, gai bera tratatzen zuen azkenengoa orain dela 20 urte argitaratu zen. Bertan Euskal Herriko 85 jaitsiera onenak aurkituko dira, horien artean, Aiaraldeko hainbat proposamen.
Zer aurkituko dugu liburuan?
Gida honetan, Euskal Herriko 85 trokarterik onenak edota adierazgarrienak aurkituko dituzue. Izan ere, zerrenda osatzeko kalitatezko arrazoiak egon dira. Era berean, Euskal Herriko txoko guztiak azalaraztea izan da beste helburu bat. Hori dela eta, non eta Lapurdin!! jaitsierak topatu ahalko dituzue. Gainera, maketazio aldetik imajina dezakezuen libururik politena topatuko duzue: argazkiak, mapak eta krokisak jarri ditut eta informazioa ahalik eta zehatzena da. Hau da, abiapuntura nola iritsi, jaisteko behar den denbora, jaitsiera zailtasuna, garairik aproposena zein den, behar den materiala...
Norentzat da, hasi berrientzat edo eskarmentua behar duzu?
Mota guztietako jendeari zuzenduta dago. Eskarmentu handiko barrankistentzat edota mundutxo honetan hasi nahi dutenentzat ere bai. Izan ere, proposamen batzuk egiteko, ibili baino ez da egin behar. Esaterako, Ehujarren edota Lumbierren.
Arroila jaitsiera arriskutsua da. Hasi nahi duenari zer aholkatuko zenioke?
Hori bai, eta hau oso argi utzi nahi dut. Trokarteen munduan autodidakta izatea oso garesti irten ahal zaizu. Konfiantzazko pertsonarekin hasi, edo ikastaro bat egitea gomendatzen dut.
Aiaraldeko hainbat proposamen agertzen dira. Zeintzuk dira zure ustez, interesgarrienak?
Lehenengo liburuan ere atentzio berezia eman nion. Aiaraldea oso leku berezia iruditzen zait. Nik nabarmenduko nituzke: "Lezea Begia" edota "Circo de Delika". Lehena, barrankismo gehi espeleologia uztartzeko aukera ematen digulako eta bigarrena, Nerbioiko ur-jauziaren ondotik pasatzen delako. Paisaia gainera, izugarrizkoa da.
Jendeak zergatik joaten da kanpora arroilak egitera? Euskal Herrikoak ez al dira egokiak?
Bai, baiezko borobila, gainera. Baina, ertzekin gertatzen zen bezala, badirudi euskaldunok gutxiagotasun konplexua daukagula hemengorekin edo. Ertzen kasuan, jendeak tontorraren altuera besterik begiratzen ez duelako dela pentsatu nuen, eta arroilen kasuan nik uste dut hainbat faktore jokoan sartu direla. Lehena, Euskal Herriko arroilen gidarik ez zegoela, eta bigarrena, instituzioen eta enpresen partetik, ez delako egon arroilek behar zuten bultzada hori.
Idatzi zenuen lehenengo liburua argitaletxe batekin kaleratu zenuen, azkenengo hau aldiz, zuk zeuk argitaratu duzu. Zelan izan da esperientzia?
Ba egia esan, esperientzia latza da. Izan ere, aldez aurretik diru dezente aurreratu behar da, konpromiso handia, alegia. Gainera, askoz lan gehiago dauka: fakturak, eskariak, dendekin berba egitea eta abar... Halere, elkartasunaren aldeko proiektu baterako denez gero ( SOS Himalaya Fundazioa), umeentzako dirua lortzen bada, niretzat pena mereziko du honek.
Argibide gehiago: http://barrancosdeeuskalherria.wordpress.com/