Hauspoa elkarteak duela hiru hilabete ireki zituen bere lokalaren ateak eta harrezkero, liburuen aurkezpenak, ikastaroak edota zinema zikloak egin dituzte. Martxoan memoria historikoaren inguruko jardunaldiak egingo dituzte eta lokala mantentzeko talde ezberdinen diskoa kaleratu nahi dute.
Hauspoa elkarteak martxorako memoria historikoaren inguruko jardunaldiak egingo ditu dokumental saioekin eta hitzaldiekin. Hitzaldiak eta liburuen aurkezpenak ostegunetan izango dira 19:00etan eta dokumentalak igandeetan 18:30ean.
Horrela, “La gesta traicionada. Los anarquistas vascos y la guerra civil en Euskal Herria” eta “Prisioneros en el campo de concentración de Orduña (1937-1939)" liburuen aurrezpenak egongo dira, eta 1976. urteko martxoaren 3an Gasteizen izandako gertaeren inguruko hitzaldia izango da. "50 años de utopia y movilización", edota "Euskal Herria antes durante y después de la guerra civil" hitzaldiak ere emango dira. Azken honetan gainera, garai horiek bizi izan zituen anarkista batek hitz egingo du.
Dokumentalei dagokionez, lehenengoa, “La guerra civil en Euskadi”, martxoaren 4ean izango da eta hurrengo igandean, “Los maquis en Catalunya” dokumentala ikusiko da. Martxoaren 25an “Izarren argia” pelikula ikusiko da.
Dirua lortzeko diskoa
Bestalde, eta nahiz eta proiektua bazkide eta partaideek ordaintzen dituzten kuotei esker kudeatzen duten, gastuei aurre egiteko nahian, Hauspoak-ek abesti ezberdinen disko bat kaleratzea erabaki du eta horretarako, taldeen abestien bila dabiltza. Musikariek ez lukete dirurik jasoko, izan ere, lokala urrera ateratzeko dirua behar dute.
Hauspoa lokal berri bat ireki zuen Dionisio Aldama kaleko 5. zenbakian. Bertan, Aiaraldeko gizarteari topagune bat eskaintzen zaio liburutegi batekin, aisia eta solaserako esparru batekin edota gauzen trukaketarekin, besteak beste eta ireki zuenetik liburu batzuen eta besteen aurkezpenak, hitzaldiak eta zinema foruma-k egin dituzte.