Orain dela 25 urte sortu zela Txoko Gorri elkartea eta hori dela eta, hainbat jarduera prestatu dituzte, esate baterako, hitzaldiak, erakusketa edota herri bazkaria.
Urtarrilaren 31an, asteartean, elkartearen sortzaileek Txoko Gorri nola eta zertarako sortu zen hitzaldia eman zuten eta gaur arratsaldeko 19:30ean, osteguna, Tasio Erkizia ezker abertzaleko kideak ezker abertzaleari eta borroka kulturalari buruzko hitzaldia emango du Askatasuna plazan.
Otsailaren 4an, larunbata, 14:30ean herri bazkaria egingo da eta musika ez ezik, bertsolariak, mus txapelketa eta “kabronazo” txapelketa egongo dira. Izena ematea Txoko Gorrin izango da eta 12 euro balioko ditu. Haurrek 5 euro ordaindu beharko dituzte.
Bestalde, aste osoan kartelak, argazkiak eta pegatinak ikusi daitezke Herriko Tabernan antolatzaileek prestatu duten erakusketan.