Foru Aldundiaren Kontseiluak Artziniegatik Amurriorako sarbidea konpontzeko obrak esleitu ditu. Lanak 541.480 euro balioko ditu eta MC Construcción, Ingeniería y Gestión de Obras SA enpresak egingo du.
“Amurrioko iparraldeko sarbidean A-624 errepidearen trazadura aldatzeko eraikitze proiektua” izeneko egitasmoaren lanak zuinketa akta sinatzen denetik 5 hilabeteko gauzatze epea izango du. Eguraldia dela eta, “hemendik hilabete batzuetara hasiko dira obrak”, esan zuen Javier de Andrés Arabako diputatu nagusiak.
Ibilbide berria egiten denean Gasteiz eta Artziniega bitartean dagoen trafikoak ez du herria zeharkatu beharko eta egungo errepidea hiri-bidea izango da. Gainera, erdialdeko buxadura kendu nahian, gasolindegia dagoen lekuan errotonda bat jartzeko plana dago eta ondorioz, gasolindegia kentzeko asmoa.