Udal Gobernu Taldeak urtarrilean eztabaidatu eta onartu behar duten aurrekontu proiektua aurkeztu zien udal talde ezberdinei. Diru sarreren jaitsiera dela eta, aurrekontu murrizketa %15koa izango da -13 milioi euro inguru izango da aurrekontua- eta sail guztietan egingo da.
2012. urteko aurrekontu erredakzioaren zirriborroa udaleko beste taldeei orain dela aste batzuk iritsi zitzaiela adierazi zuen Josune Irabien alkateak. Horrela, taldeek zirriborroa analizatu eta beren proposamenak aurkezteko epea ireki zen. Orain, zuzenketak adostu beharko dituzte eta urtarrilean aurrekontua onartzea espero du alkateak.
Aurrekontu parte-hartzaileak
Azaroan Bildu alderdiak aurrekontuak erabakitzeko herritarren parte hartzea kontuan hartzea eskatu zion EAJri, bi alderdien programetan herritarren parte-hartzea sustatuko zutela agertzen baitzen.
Aurrekontu parte-hartzaileak demokrazia parte-hartzailearen baitan aurkitzen dira eta herritarrek aurrekontu publikoen inguruan erabakiak hartzea suposatzen du. Lehenengo esperientzia Porto Alegren 1989. urtean izan zen Partido dos Trabalhadores alderdiak irabazi zuenean eta bertan asanbladen bitartez herritarrek xahupen publikoen inguruan erabaki zuten.
Euskal Herrian Igorren, Zarautzen edo Laudion udal asanbladak egin dira aurrekontu parte-hartzaileak sustatu eta eraikitzeko. Modu honetara lan instituzionalean hiritarren parte-hartzea bultzatzen da eta beren lehentasunak zeintzuk diren jakiten da.