Herrizaingo Sailak kaleratutako Genero-Indarkeriaren Emakume Biktimak EAE-n 2010. urteko txostenaren arabera, aiaraldean 71 emakume genero-indarkeriaren biktimak izan ziren. 2009. urtean berriz, 47 biktima egon ziren. Emakume gehienen erasotzailea gainera, bikotekidea edo bikotekide ohia izan zen.
2009. urteko datuekin konparatuz Urduña %48,38, Laudio %44,10 eta Aiara % 28,53 genero-indarkeriaren biktimen kopurua gehien igo diren herriak dira. Biztanleria kopurua kontutan hartzen bada -10.000emakumeen araberako tasak- Aiaraldeko hainbat herrietan 2010. urtean biktima gehiago egon ziren: Aiarak biktima batetik lau izatera pasatu zen, Laudiok 23 biktima izatetik 41era, eta Urduña bost biktima izatetik 10 biktima izatera pasatu zen. Hau da, guztira eta Aiaraldeko herri guztiak kontutan hartuz, Aiaraldean genero-indarkeriaren biktimak izan diren 71 emakume egon ziren 2010. urtean, urte bat lehenago 43 biktima egon ziren.
Bestalde, Euskal Autonomi Erkidegoari dagokionez eta bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeriaz hitz egiten denean, biktima eta biktimizaio kopuru handiena 18-40 urteen artean dago, hots, %69,4. Familia barruko indarkeriari dagokionez, berriz, biktimizazio-kopuru handiagoa adin talde muturrekoetan ematen da. Hau da, 18 urte baino gutxiago dituzten emakumeetan eta 60 urtetik gorakoetan.
Sexu-askatasunaren aurkako delituei dagokionez eta datuek islatzen dutenez, sexu-askatasunaren kontrako delituen 10 emakume-biktimetatik 7 30 urte baino gutxiagokoak ziren, hau da, %72.
Jaioterriaren arabera, %33,45 atzerrian jaio ziren eta %66,55 ostera, Espainiar Estatuan edo Euskal Herrian jaiotako emakumeak ziren. %52,1 Euskal Autonomia Erkidegoan jaiotakoak ziren.
Erasotzaileei dagokionez, gehienak 18 eta 40 urte bitartekoak dira (%60,63). Txostenaren arabera, harritu egiten du erasotzaileen %30 30 urte beherakoak izatea: “horrek agerian uzten du testuinguru demokratikoan hazi direla, baina indarkeria sinbolikoa eta egiturazkoa duela. Are gehiago, datuek adierazten dutenez, gazte horiek, aurreko belaunaldiek bezala, harreman-patroi sexistek gidatuta jarduten dute, nahitaez indarkeria dakarrena”, esaten du Herrisaingo Sailak.
Giza baliabideak
Oinarrizko gizarte zerbitzuak Udalaren bidez eskura daitezke eta hauen funtzioa informazioa ematea, baloratzea, bideratzea eta, hala badagokio, gizarte babeserako sarearen zerbitzuak eskuragarri jartzea da. Eusko Jaurlaritzak gainera, tratu txarren edo/eta sexu indarkeriaren biktimei informazioa eta aholkularitza emateko telefonoa du ( 900 840 111 / 016).
Aholkularitza juridikoa Laudion zein Amurrion ematen da udalek kontratatutako kabinete pribatu baten bidez. Laguntza psikologikoa Laudion ematen da aurreko zerbitzuaren modu berean.
Larrialdietarako Gizarte Zerbitzuaren funtzioa tratu txarren biktimen larrialdiko segurtasun eta ostatu eskariei erantzutea da eta larrialdi batean aurkituez gero, 112 telefonora deitu behar da.
Eusko Jaurlaritzako genero-indarkeriaren biktimei laguntzeko web gunea.