Azaroaren 25ean Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta, Udaleko Berdintasun Sailak “Guztiok genero-indarkeriaren aurka” marrazki lehiaketa antolatu du. Pasa den urtean bezala, helburua haurrek eta gazteek indarkeria sexista ezagutu eta aurre egitea da.
Jarduera Lehen Hezkuntzako 3. mailakoen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. mailakoen arteko ikasleei zuzendua dago. Marrazkia aurkezteko epea azaroaren 11n amaituko da, parte-hartzaile bakoitzak lan bakarra aurkeztu ahal izango du haren atzealdean egilearen izen-abizenak, adina, helbidea eta telefonoa adieraziz.
Bestalde, lehiaketak hiru kategoria izango ditu: 1. kategoria, L.H-ko 3. eta 4. mailako ikasleentzat; 2. kategoria, L.H-ko 5. eta 6. mailakoentzat; eta 3. kategoria, D.B.H-ko 1. eta 2. mailako ikasleentzat. Gainera, kategoria bakoitzean lehenengo, bigarren eta hirugarren saridunek eskola gaiak erosteko dirua jasoko dute eta parte-hartzaile guztiei opari bana emango zaie.
Epaimahaia gazteriarekin, berdintasunarekin eta artearekin erlazionaturik dauden pertsonak osatuko dute eta irabazleen izenak azaroaren 15ean jakingo dira. Lehiaketaren oinarriak Amurrioko Udalean kontsulta daitezke.