"Zaila da bizirautea ideiak argi izan ezean, edo bizimodua ez badator bat gure nahiekin"

Erabiltzailearen aurpegia Miren Ayesa Aranoa 2011ko ira. 28a, 18:24

PABLO IBARLUZUEA (1980). Zinemagintzan, antzerkigintzan, pedagogo eta zuzendari moduan ibili izan da, eta aurten “Cirque de Legume” ikuskizunarekin bira egin du mundu osotik. Egun hauetan YindeYan antzerki eskolak -Ibarluzeak berak sortutakoa- Laudion urtero egiten duen IV. Nazioarteko Laborategian irakasle gisa ari da eta mundu osoko gazteak bildu dira bertan.

Zertan datza "Cirque du legume"?

PABLO IBARLUZUEA (1980). Zinemagintzan, antzerkigintzan, pedagogo eta zuzendari moduan ibili izan da, eta aurten “Cirque de Legume” ikuskizunarekin bira egin du mundu osotik. Egun hauetan YindeYan antzerki eskolak -Ibarluzeak berak sortutakoa- Laudion urtero egiten duen IV. Nazioarteko Laborategian irakasle gisa ari da eta mundu osoko gazteak bildu dira bertan.

Zertan datza "Cirque du legume"?


“Cirque de Legume” clown ikuskizuna da. Bi pailazo ditugu; zirku mundial handien moduko emanaldia egiten saiatzen dira, baina aulki bat eta barazki-kutxa bat baino ez dute. Inozentzia eta irudimena lagun, zirku-ikuskizun klasikoak egiteko gai direla sinestarazi nahi diote publikoari: fokaren ikuskizuna, labanen jaurtiketa, zaldiak heztea, animalia exotikoak... Jakina, ikuskizun horiek guztiak desastre hutsa dira, eta horrek barre-algara pizten du ikusleengan.

Proiektua 2009an hasi zen, Irlandan. Hain zuzen, gure konpainia hantxe errotuta dago, nazioarteko izaera badu ere (irlandar batek, neska ingeles batek eta nik neuk osatzen dugu). Hasieran, 20 minutuko aurkezpen txiki bat egin genuen eta, gero, Dublin Fringe Festival delakoan estreinatu genuen. Jaialdi horretan Bewleys Theatre Award saria eskuratu genuen, eta gizonezko aktore onenaren sarirako nominatu gintuzten.

Jaialdi horretan nahikoa arrakasta izan genuen, eta 2010eko udaberrian eta udan zehar bira egin genuen Irlandan eta Ingalaterran, eta abuztuan Edinburgh Fringe Festivalera joan ginen. Jaialdi hori urtero antolatzen da Eskoziako hiriburuan eta munduko handiena da; programa ofizialean 2.500 konpainiek baino gehiagok parte hartzen dute. Han aukera berriak sortu zitzaizkigun, besteak beste, Kanadan eta New Yorken antzezteko gonbidapena.

Nola joan da bira? Jendea harrera hona egin dizue?


Pozik gaude birarekin. Aurten jauzia eman dugu, eta horrek bultzada handia eman dio konpainiari. Hortaz, oso pozik gaude ikuskizunak izan duen bilakaerarekin.

“Cirque de Legume” emanaldiaren xede bakarra da ordubetez barre eginaraztea. Hori da helburu bakarra, eta ikusleek ere barneratu dute, ulertu dute, eta eskertzen digute. Hasiera-hasieratik harrena ona egin digute bisitatu ditugun toki guztietan. Hainbat herrialdetan izan gara, adin guztietako ikusleak etorri dira, eta beti funtzionatu du. Clown edo pailazoaren sudur gorria erabiltzea erabaki genuen, nahiz eta Irlandan, Espainian bezalaxe, fama txarra duen. Izan ere, sudur gorria haurrentzako ikuskizunekin identifikatzeko joera dago. Dena den, denborak aurrera egin ahala, ikusle helduek ulertu dute hori ez dela horrela ezinbestean, eta harro gaude hori lortu izanaz.

Ikuskizuna sortzen ari ginela, adin guztietako ikusleentzako izan zedin nahi genuen, hainbat umore-mota islatuko zituena. Horretarako, bada, hitzak eta efektu eta eszenografia konplikatuak alde batera utzi genituen, eta aktoreen gorputzei hitz egiten utzi genien; euren gizatasuna azpimarratu nahi izan genuen. Gizatasun hori, hain zuzen, unibertsala da, eta adin guztietako lagunek ulertzen dute.

Eskarmentu handiko profesionala zara, nolakoa izan da zure ibilbide profesionala? 


Hogei urte nituela unibertsitatean nenbilen, Ingeniaritza ikasten. Orduan, dena utzi eta antzerkia modu profesionalean egiten hasi nintzen. Une horretan nik ezer gutxi (ezer ez, egia esan) nekien antzerkiaz. Dena den antzezleen bizimodua deigarria gertatzen zitzaidan ez baitzuen zerikusirik, esaterako, bulegari baten egunerokotasunarekin.

Bartzelonan ikasketak amaitu eta antzerki profesionalean lehenengo esperientziak izan ostean, Parisa joatea erabaki nuen. Han prestatzen jarraitu nahi nuen, eta nire ibilbide profesionalarentzako aukera berriak aurkitu. Modu horretan, bada, nazioarteko zirkuituan sartu nintzen eta Europako hainbat konpainiarekin hasi nintzen lanean. Lehendabizi aktore gisa jardun nuen, baina azken urteetan zuzendari eta irakasle gisa ere lan egin dut. Urte hauetan, beraz, antzerki fisiko delakoan, maskarekin egindako lanetan eta clownaren hizkuntzan espezializatu naiz. Gehienetan, diziplina horietan mugitzen naiz, eta talde-sormeneko ikuskizunetan parte hartzen dut. Hau da, aldez aurretik idatzitako testu edo obra batekin lan egin beharrean, bat-batean sortzen ditugu, betiere, gai bat oinarri hartuta.

2008an Euskal Herrira itzultzea erabaki nuen, eta konpainia bat sortu dut hemen, Laudion, nire jaioterrian. Horrelaxe jaio zen, beraz, YINdeYAN. Proiektu honen barruan, nazioarteko izaera duten ikastaroak ematen dizkiet aktore profesionalei. YINdeYAN-en helburua da, hain zuzen, Laudiora ekartzea kanpoan ikasi dudan guztia eta Euskal Herriko aktoreei aukera ematea nazioarteko talde baten barruan ikasteko, hemendik kanpo mugitu beharrik gabe; hori da-eta nik egin behar izan nuena.

Zaila da egun antzerkigintzan aritzea? 


Aktore-lana ogibide zaharrenetako bat da. Hala ere, gure lana ez dago araututa, ikasketak ez daude parekatuta, eta lan-baldintzak ere ez daude inolaz ere ongi antolatuta. Horixe bera gertatzen zaie arte eszenikoen alorrean lan egiten dugun artista guztiei. Hori da, hain zuzen, lanbide honetaz bizi ahal izatea eragozten duen oztoporik handiena. Izan ere, oraindino Kultura Ministerioak, aktoreen elkarteek, kultura arloek eta abarrek ez dute akordiorik lortu gure lan-baldintzak sendotzen lagun dezaketen oinarri batzuk ezartzeko, eta nik hori ezin dut ulertu.

Horren harira, norbaiti entzun nion esaldia etorri zait burura: "Bi zaletasun izanez gero, eta horietako bat antzerkia bada, helduiozu besteari". Zaila da bizirautea ideiak argi izan ezean, edo bizimodua ez badator bat gure nahiekin. Izan ere, arte eszenikoetan aritzea lanbidea baino gehiago da, bizitzeko estiloa da.

Abuztuaren amaieran heldu zenion berriz ere Laudion egiten den nazioarteko laborategiari, zertan datza?


“YINdeYAN nazioarteko laborategia: antzerki fisikoa, maskarak eta clown” ekimena 2008an sortu zen. Ikastaroa urtero antolatzen da irailaren bueltan, eta aktoreei, zuzendariei, pedagogoei, eszenografoei, koreografoei eta gorputzarekin eta espazioarekin lan egiteko duten bestelako pertsonei zuzenduta dago. Eskolak astelehenetik ostiralera ematen dira, goizez (5 ordu egunean). Arratsaldeetan, berriz, ikasleek lantegi-ikasgelan lan egiten dute, euren maskarak sortuz. Modu intentsiboan lan egiten da, eta parte-hartzaileek erabateko dedikazioa eskaini behar diote. Ordainetan, lorpen handiak erdiesten dituzte denbora-tarte laburrean.

Laborategia asko hazi da sortu zenetik, bilakaera ikaragarria izan du. Aurtengoa 4.edizioa izango da, eta abuztuaren 28tik urriaren 7ra arte eramango da aurrera. Mundu osoko ikasleak etortzea espero dugu: Australiakoak, Kanadakoak, Poloniakoak, Mexikokoak, Kolonbiakoak, Israelgoak, Ingalaterrakoak, Irlandakoak...

Ikasleek, pertsonaiaren psikologian oinarrituta lan egin ordez, gorputzaren bulkadak abiapuntu hartuta lan egiten ikasten dute. Horrela, eszenako lanari modu jolasgarri eta sortzaileagoan ekiten diote. Prozesuan zehar, gainera, garrantzia handia ematen zaio talde-sormenaren alderdiari.


Urriaren 7an aurkezpen bat egingo dugu Laudion (Antzoki tabernan), egindako lanaren emaitzak erakusteko.

Pablo Ibarluzearen web gunea.

Yin de Yan 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide