Aiaraldeko musulmanek otoitz egiteko eta biltzeko lokal berri bi izango dituzte: bata Amurrioko Bañuetaibar kalean egongo da eta bestea Laudion. Al Wafaa ( leialtasuna arabieraz) Elkartearen arabera eskualdean 1.000 pertsonatik gora musulmanak dira. Eskualdeko komunitate musulmanak herri bietako Udalei baimena eskatu diete eta lizentzia eskuratu ondoren irekiko dituzte meskitak.
Pasa den abuztuaren 25ean Al Wafaa Elkarteak hainbat pertsona bildu zituen batzar ireki batean Laudion meskita bat irekitzeko proiektuaren inguruan hitz egiteko. Hasiera batean lokala Arza industrialdean egongo zen baina udal arautegiak ez du bertan gurtzarako lokalik jartzeko aukera aztertzen eta ondorioz, Laudioko alkatearekin bildu eta gero, beste leku bat bilatzen hasi dira.
Al Wafaa Elkartearen arabera, “erdialdeko leku batean musulmanentzako zein musulmanak ez diren pertsonentzako eskuragarritasuna errazago izango litzateke”. Izan ere, otoitzerako lekua izateaz gain, kolektiboa biltzeko, informazioa emateko eta jarduera kulturalak egiteko lekua ere izango litzateke.
Bestalde, Amurrioko Udalak ere hurrengo Gobernu Batzarrean herrian meskita bat jartzeko eskaera eztabaidatuko du. Lokala Bañuetaibar kaleko lonja batean egongo da.
Oraingoz eskualdeko musulmanek modu pribatuan ospatu behar dituzte euren jaiak eta ez daukate biltzeko lekurik. Horregatik hain zuzen ere, hemendik bi hilabetetara ospatuko den Arkumearen Festa Laudioko lokal publiko batean egingo dute.