Arabaesnea kooperatibak gehigarri artifizialik gabeko esnea eskuratzeko makinak jarri behar zituen apirilean baina arazo batzuk direla eta, gaurtik aurrera Laudiko Abastos plazan eta Amurrioko Telefonika erakinetik gertu dagoen aparkalekuan eskuratu ahalko da. Esnea jetzi berria da eta pasteurizazio prozesu bat igarotzen du.
Arabaesnea, ekoiztutako esnea zuzenean saltzeko helburuarekin, 2009. urtean hasi zen Murgia, Gasteiz, Araia eta Agurain herrietan esne makinak jartzen. Denborarekin, eta izan duten arrakasta ikusita, ekimena Aiaraldera zabaltzea erabaki dute.
Esnea goizero aldatzen da uneoro eguneko esnea edukitzeko eta amaituz gero, abeltzainak abisu bat jasotzen du berriz ere bete dezan. Makina hauek lau gradu zentigradutan mantentze dute produktua eta ontzia beterik dagoela, txorrota esterilizatzen du, hurrengo erabilerarako prest egoteko. Esne litro bat euro 1 balioko du eta bost egunez edan daiteke.
Nola funtzionatzen du?
Txanpona sartzen da, botila txorrota kokatzen den leihatila irekitzen da, botila honen azpian jartzen da eta botoia sakatzea besterik ez dago. Gainera, ontzia etxetik eraman daiteke edo bertan erosi. Izan ere, esne makinaren alboan plastikozko nahiz beirazko botilak dituen beste bat egongo da, eta horrela, hurrengo batean ontziak berrerabili ahal izango dira.
Arabaesnea hamar ekoizleren artean sorturiko kooperatiba da. Bitartekari zein marka handiek ezartzen dizkieten gehiegizko prezioak saihesteko eta kontsumitzaileak esnearen zaporea berreskuratzeko sortu zen.