Amurrio Bidean tokiko garapenerako agentziak eta udalak pertsona ekintzaileei eskainitako astea antolatu dute eta aurtengo protagonistak herrian negozioak izan dituzten emakumeak izan dira. Astelehenean hasi ziren jardunaldiak eta ekainaren 29ra arte iraungo dute Reforren dagoen enpresa- zentroan.
Ekainaren 20an, astelehena, Pertsona Ekintzaileen Nazioarteko Eguna izan zen eta, hori dela eta, aurtengo edizioa herrian egon diren eta dauden emakume ekintzaileen ingurukoa izan da. “Ekintzaileak Amurrion: atzo, gaur eta bihar” izeneko bideo bat ikusi ahal izan zen, non hogeita hamar emakume baino gehiagok parte hartu zuten; ondoren solasaldi bat egin zen Julia Liberalen eskutik, Arabako Emakume Profesionalen eta Enpresarien Elkarteko kidea. “Askotan gizon bat zen negozioaren jabea, baina emakumeak ziren bai negozioaz eta baita etxeko lanez ere arduratzen zirenak”, esan zuen Marian Martinez-ek Amurrio Bidean-eko kidea.
Bestalde, hiru ikastaro egingo dira egun hori dela eta. Lehenengoa, atzo izan zen, ekainaren 22an, “Merkataritza elektronikoa. Aukerak Zabaltzen” izenpean eta Internet bidez bezero gehiago aurkitzeko tresnak aurkeztu zituen. Bigarrena, ekainaren 28an 18:00etatik 21:00etara izango da eta “Tendentziak eta trendtrotter ikuspegitik negozio aukerak” izenpean, enpresetan ideia berriak sortzearen inguruan izango da.
Azkena, ekainaren 29an izango da 9:30etik 13:30era eta “Magentorekin merkataritza elektronikoko gestioa” izena du. Bertan on-line dendak martxan jartzeko pausuak azalduko dituzte.
Ikastaroetan parte hatu nahi duten pertsonek 945 89 17 21 telefonora deitu dezakete edo autoempleo@amurriobidean.org helbidera idatzi. Kurtso guztiak Reforreko enpresa-zentroan emango dira.