Atzo plazaratu zen Bildu Euskal Herria izeneko proiektua Aiaran, Arespalditzan hain zuzen ere. Koalizio berri honen aurkezpen ekitaldira 40 pertsona gerturatu ziren.
Iragan politiko ezberdinetatik datozen pertsonak murgildu dira proiektu honetan, indar metaketaren aldeko apustua eginez. Koalizioa Eusko Alkartasuna, Alternatiba eta pertsona independiente, ezkertiar eta abertzaleek osatzen dute.
Euskal Herriak bizi duen epe politiko eta historiko berri honetan bitarteko politiko, bakezale eta demokratikoen bitartez giza eskubide eta eskubide zibil eta politiko guztiak errespetatuak diren eskenatokira iristeko lan egin nahi du Bilduk.
Bilduko kideek Aiarako udaletxean azken urteetan EAJ-k egindako kudeaketaren inguruan hainbat ekarpen egin zituzten. Etorkizunari begira kudeaketa eredu berria bultzatzen dute, non bizilagunek parte-hartzeko aukera izan behar duten. Batzar administratiboekiko udalak hauentzat lan egin behar duela uste dute, aholkularitza eskainiz, tramiteak erraztuz eta hauen beharrak asetuz.
Aurkezpenaren ostean galderak egiteko tartea izan zen eta bertaratuek hainbat ardura adierazi zituzten: ingurugiroa Murgako industrigunean, aipatu industrigunearen errentagarritasuna, otsoaren presentzia Gorobelen, Luiaondo eta beste herrien arteko oreka, etabar. Bilduk etorkizunean Aiarako udaletxean erabaki beharreko gaiak adosteko alde guztien iritzi, beharrak eta arazoak kontuan hartuko dituela defendatu zuen, inor ahaztu gabe.