Udalak jaietako kartela egiteko eta bidaltzeko epea ireki zuen astelehenean. Helburua festetako kartel ofizialaren eta haurrek egindako kartelaren hautaketa egitea da. Bata kartel ofiziala izango da eta bestea programaren liburuxkako atzealdean joango da.
Kartel lehiaketan parte hartu nahi duten kartelak bertikalak izan beharko dira eta 70 x 50 zentimetroko luzera izan beharko dute. Gainera, Amurrioko armarria eta “Amurrioko jaiak 2011, Andra Mari eta Done Errokeren Omenez” testua eraman beharko dituzte.
Saria 780 eurokoa izango da eta pertsona bakarrak irabazi ahal izango du, lan originalak eta teknika librea erabiliz. Hau da, ez dira aurreko urteetan aurkeztutako lanak onartuko.
Beste alde batetik, haurrentzako kartel lehiaketan parte hartu nahi duten pertsonak 1997 urtetik aurrera jaiotakoak izan beharko dira eta lanek 29,7 X 42,0 zentimetroko luzera edukiko dute . Kartel horretan ere testu bera agertu beharko da, eta saria eskola materialean gastatzeko 60 euro izango da.
Lanak apirilaren 11tik 29ra bitartean aurkeztu behar dira Kultur Etxean, eta saritutako kartelak Udalaren jabetzapean geratuko dira. Sari banaketa maiatzaren 29an egingo da "La Casona" erakustaretoan, eta egun horretatik bertatik aurrera erakusketa bat irekiko dute lan guztiak ikusi ahal izateko.
Pasa den urtean Iraia Aspuruk irabazi zuen kartel lehiaketa nagusia Hik lan eta Nik Jai lanarekin eta bigarren saria, berriz, Pedro Ibarrolak eraman zuen Jaietan Iji Ta Aja Abarketetan kartelarekin. Haurrentzako kartel lehiaketa Lucia Iturbek irabazi zuen Jaiak Amurriora iritsi dira lanarekin eta Uxue Arana eta Xabier Eguia bigarrenak geratu ziren.
Lehiaketaren oinarriak Udaleko webgunean irakur daitezke.
Aiaraldea.com-ek pasa den urtean Iraia Aspururi egindako elkarrizketa hemen.