Udalak herriko kaleak eta parkeak garbi egon daitezen, “Maskota zurea da, Amurrio guztiona” kanpaina abiatu du. Animalien jabeen betebeharrak azaltzen dituen liburuxka bat zabaldu ez ezik, 34 paperontzi ere jarri ditu.
Herrian 1.750 maskota daude erroldaturik eta 2006. urtean animaliak edukitzearen inguruko udal-ordenantza onartu zen. Leku publikoetan txakurrei, edozein hegaztiri, katuei edo kaleko beste animalia bati jaten ematea debekatuta dago, baita animaliak aske eramatea ere, edota animalien kakak ez jasotzea, besteak beste.
Udal-ordenantzak 30 eta 3000 euro arteko isunak jasotzen ditu hutsegite arinetan eta hutsegite larrietan, aldiz, 1.500 euroko isuna izatera iritsi daiteke. Gainera, arautegiaz eta jabeen betebeharrez informatzeko nahian, 4.000 liburuxka banatu dira.
Beste alde batetik, udal-ordenantza betetzeko erraztasuna emateko eta herri garbi bat lortzeko, txakur-kakak jasotzeko 34 paperontzi jarri dira herrian. Azken hauek, poltsa banatzaile bat eta plastikoak botatzeko tanga bat izango dute.