Agurain, Langraitz Oka edo Amurrio dira Arabako hiltegi berria kokatzeko pentsatu diren hiru herriak. Pablo Isasi alkateak azken hau kokapen “arrazionalena” dela pentsatzen du.
Alkatearen arabera, Aiaraldea “abere-hazkuntzari lotutako eskualdea da eta Burgos iparraldetik eta Karrantza eskualde bizkaitarretik gertu dago” eta gainera, “Gasteiz eta Bilbao handia moduko kontsumo guneetatik gertu dago”.
Eustat, Euskal Estatistika Erakundearen arabera, Aiaraldea Arabako abeltzaintzain gehien dituen eskualdea da. 325 abere-ustiategi ditu, “beste eskualdeak batera, berriz, 180 ustiategi besterik ez dituzte biltzen”, esan zuen Isasik.
Hala eta guztiz ere, Arabako Haragi Artean, herrialde osoko abeltzain gehienak, harakinak eta handizkako merkatariak biltzen dituen elkarteak, hiltegi zentro berria kokatzeko lekurik aproposena Agurain zela esan zuen pasa den hilabetean Arabako Batzar Nagusietan, Amurrio urrun geratzen zela argudiatuz.
Obra berriak 3,2 milioiko aurrekontua izango du, baina oraingoz, elkarteak 60.000 euro besterik ez ditu. Foru Aldundiak oraingoz, Haragi Artean Elkarteak emandako bideragarritasun plana aztertzen ari da.
Hemendik bi urtetara, hiltegia martxan jartzen denean, astero 120 behi eta 1.600 arkume hiltzea espero da, eta 10 lagun enplegatuko ditu.