Gida “Enpresa eta ingurumena” proiektuaren baitan dago, enpresei gai horren inguruko gestioa erraztea helburu duelarik. Proiektua Udaleko Ingurumen Sailarekin batera egingo da eta lehenengo fasean dago.
“Enpresek hainbat erantzukizun dituzte, eta legezko betebeharrak betetzeaz haratago doaz. Enpresa bat ezin da gizarteak aurre egiten dien arazo eta erronketatik kanpo geratu; ezta ingurumena zaindu eta iraunkor egitetik ere”, esaten du gidak.
Amurrio Bidean, tokiko garapenerako agentziak egindako gidan enpresei lagungarriak izan daitezkeen baliabideak aurkitzen dira. Horrela, legislazioaren, lizentzien edo diru-laguntzen inguruko informazioa dago. Gida agentziaren webgunean aurkitu daiteke enpresak gai horren inguruan sentsibilizatu daitezen.
Bigarren fase batean, Amurrioko enpresei produkzio eta hondakinen inguruko inkesta batean parte hartzea eskatzea izango da. Dokumentu horrek industria horiek sortzen dituzten hondakinen kudeaketa ikertzeko balioko du, besteak beste.