Pasatu dira soldaduskara derrigorrez joateko garaiak, baina hala eta guztiz ere, ostiralean 18 urte betetzen dituzten neska-mutilak herriko kaleetara aterako dira makilaz lagundurik, Agate Deunaren abestia kantatzera.
Lehen, Euskal Herriko txoko guztietan bezala, mundu guztiak abesten zuen egun horretan, baina 1924. urtean gazte bat hil zen istilu baten ondorioz. Udalak festa hau debekatzea erabaki zuen eta 1940. urtean berreskuratu zen baldintza bakar batekin: soldaduskara derrigorrez joan behar ziren mutilek bakarrik abestuko zuten.
Garaiak aldatu ziren, eta nahiz eta pertsona batzuek emakumeek ezin zutela honelako tradizioan parte hartu esaten jarraitu, 1995. urtean emakume talde bat kalera irten zen.
Iragan mendeko 90eko. hamarkadan intsumiso ugari zegoen arren, jai honetan parte hartzen zuten. Soldaduskara joaten ziren gizonek bakarrik parte hartzearen tradizioa puskatuta zegoen, beraz. Hori dela eta, emakumeek tradizio sexista horrekin bukatu behar zela erabaki zuten.
2001. urtera arte, emakumeen parte hartzea zalantzan jarri zen, baina parte hartzen jarraitu zuten derrigorrezko soldaduska bukatu zen arte. Ordutik, ez da haien parte-hartzea dudan jartzen.
Ostiralean, jaia
Pasa den ostiralean 80 gaztek abestu zuten 10 pertsonez osatutako taldeetan. Makilaz lagundurik Agate Deunaren abestia kantatu zuten herriko auzo guztietan diru eske. Irabazitakoa, ostiral honetan egingo den jaia ordaintzeko da.
Goizen goiz irtengo dira kintoak (mutil zein neskak) abestera eta eguerdian herriko plazan talde guztiek batera kantatuko dute. Gauean kontzertuak izango dira eta jaia disko festa batekin bukatuko da.