Udalsarea 21 sariek Tokiko Agenda 21en eremuan udalerriek egindako lana eta Euskal Autonomia Erkidegoan iraunkortasun jardunbide egokienak, udalerri mailakoak, aintzat hartzen dituzte. Udalak biodibertsitatea kategorian jaso du saria.
Sari banaketa gaur goizean izan da Euskal Udalerrien Tokiko Agenda 21en 8. jardunaldiaren harira eta irabazleek 3.000 euro eta egiaztagiria jaso dituzte.
Udalsarea 21 Iraunkortasunerako Udalerrien Euskal Sarea da, tokiko iraunkortasun politiketan aurreratuen dauden udalerriek osatutakoa.
Gaur egun, 165 udalerriek osatzen dute. Horietatik 46k aurkeztu dute hautagaitza eta haietatik bost izan dira Udalsarea 21 sarien irabazleak: Legazpi, Klima Aldaketa kategorian; Azpeitia, Iraunkortasunerako Hezkuntzan; Zornotza, Ekintza Eredugarrian; Mallabia, Ekoberrikuntzan eta Amurrio, Biodibertsitatean.
Amurrioko Udalak inguru naturalaren lurralde antolamendurako ekosistemek duten balio ekologikoari buruzko azterlana aurkeztu zuen. Azterlan horri esker, udalerriko landa inguru eta lurrak hobeto sailkatu ahal izango dira, eta gainera, Udalaren arabera, “iraunkortasun irizpideen arabera egin ahal izango du sailkapen hori”.