Emakundek kaleratutako 2009. urteko datuen arabera, Amurrio eta Laudio biktimizazio kopuru handienak izan zituzten herriak izan ziren. Emakume gehienen erasotzailea gainera, bikotekidea edo bikotekide ohia izan zen.
Emakumeen aurkako indarkeria modu askotan eman daiteke: fisikoki, psikologikoki, sozialki, ekonomikoki edo sexualki. Hori dela eta, txosten honek indarkeria mota batzuk kontutan hartzen ditu. Familia barruko indarkeria, bikotekidea edo bikotekide ohiak eragindakoa edo aurreko esparruetatik kanpo gizon batek emakume baten aurka eragindakoa.
Beste alde batetik, kontutan hartu behar da datu hauek salaketetan oinarritu direla eta beraz, genero-indarkeriaren biktimak gehiago izan daitezkeela. Izan ere, biktima ugarik ez dituzte honelako egoerak salatzen.
Arabako lurralde historikoan oinarrituz, biktimizazioen %3,3 Laudion eman ziren eta Amurrion aldiz, %2,9. Hala eta guztiz ere, biztanleria kopurua kontutan hartzen bada, Amurrio eta Artziniega izan ziren biktimizazio kopuru gehien izan zituzten herriak (10.000 emakumeen araberako tasak kalkulatu ziren): Artziniega 4 kasu (%45,98), Amurrio 20 kasu (%40,10), Laudio 23 kasu (%24,88), Arrankudiaga kasu 1 (%22,12) eta Aiara kasu 1 (%7,41).
Beste alde batetik, Euskal Autonomi Erkidegoan bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeriaz hitz egiten denean, adin talde gazteenak, baino adinduna, dira nagusi: 31-40 urte (%37) eta 18-30 (%35). Familia barruko indarkeriari dagokionez berriz, biktimizazio-kopuru handiagoa adin talde muturrekoetan ematen da. Hau da, 18 urte baino gutxiago dituzten emakumeetan eta 60 urtetik gorakoetan.
Sexu-askatasunaren aurkako delituei dagokionez, emaitzek emakumeak zenbat eta gazteago izan orduan eta aukera gehiago dituztela era horretako erasoak jasateko adierazten dute. Horrela, %68 hogeita hamar urte baino gutxiagoko emakumeak ziren. Gurean, Laudiok izan zuen kasu bakarra.
Jaioterriaren arabera, %32 atzerrian jaio ziren eta %68 ostera, Espainiar Estatuan edo Euskal Herrian jaiotako emakumeak ziren. %54, gutxi gorabehera, Euskal Autonomia Erkidegoan jaiotakoak ziren.
Beste alde batetik, nahiz eta ezinezkoa den erasotzailearen perfila marraztu, datuen arabera, erasotzaileen %34 31-40 urte zituzten eta %27, aldiz, 18-30 urte. Hau da, erdia baino gehiago gazteak ziren.
Giza baliabideak
Oinarrizko gizarte zerbitzuak Udalaren bidez eskura daitezke eta hauen funtzioa informazioa ematea, baloratzea, bideratzea eta, hala badagokio, gizarte babeserako sarearen zerbitzuak eskuragarri jartzea da. Eusko Jaurlaritzak gainera, tratu txarren edo/eta sexu indarkeriaren biktimei informazioa eta aholkularitza emateko telefonoa du ( 900 840 111 / 016).
Aholkularitza juridikoa Laudion zein Amurrion ematen da udalek kontratatutako kabinete pribatu baten bidez. Laguntza psikologikoa Laudion ematen da aurreko zerbitzuaren modu berean.
Larrialdietarako Gizarte Zerbitzuaren funtzioa tratu txarren biktimen larrialdiko segurtasun eta ostatu eskariei erantzutea da eta larrialdi batean aurkituez gero, 112 telefonora deitu behar da.
Laudioko Udalak adibidez, 7 plazako etxe bat dauka eta gehienez 6 hilabete egon daitezke bertan. Amurrion 5 plazako zubi-etxebizitza bat dago genero-indarkeriaren biktima izan diren emakumeentzako eta horien ardurapean dauden pertsonentzako.
Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak EAE-n 2009. urteko txostena