Gabonetako marrazki lehiaketa 16 urte baino gutxiago duten haurrei zuzendua dago, eta lanak abenduaren 9tik 22ra bitartean jasoko dira Kultur Etxean. Gabon kanta errondan, berriz, mundu guztiak parte hartu dezake, eta izena emateko epea azaroaren 29tik abenduaren 10ra izango da.
Urtero bezala, Amurrioko Udalak Gabonen inguruko marrazki lehiaketa egingo du. Edozein teknika erabil daiteke (collage, marrazkia, pintura...) eta lanaren atzealdean egilearen izen-abizenak, adina, telefonoa eta lanaren izena idatzi beharko dira.
Nahiz eta guztira 9 sari banatuko diren, parte-hartzaile guztiek opari bat jasoko dute. 8 urte baino gutxiagoko saridunek diploma bat jasoko dute, 9 eta 12 urteko hiru irabazleek, berriz, 60, 50 eta 40 euro eta pintura materiala eramango dituzte, hurrenez hurren. 12 eta 16 urte bitarteko hiru saridunek aldiz, 70, 60 eta 50 euro irabaziko dituzte.
III Gabon Kanta Erronda
Beste alde batetik, III. Gabon Kanta Errondan parte hartzeko gutxienez 8 laguneko koroa osatu beharko da, eta ahotsak zein musika tresnak erabiliko dira.
Bi kategoria egongo dira: A, koral musikari ekin dioten ohiko koroekin, eta B, koral musikari ekin ez dioten lagun taldeekin. Derrigorrezko gabon kantak Kultur Etxearen aurrean kantatuko dira, eta A taldeak Ai hau gabaren zoragarria abestuko du, eta B taldeak, berriz, Elurra teilatuan.
Guztira, 400 eta 100 euro bitarteko 6 sari banatuko dira.
Lehiaketei buruzko informazio gehiago jasotzeko Kultur Etxera hurbildu, edo telefono honetara (945891450) deitu daiteke.