Baranbion egiten den euskal jaiaren XII. Urteurrena izango da irailaren 25ean, larunbata, egingo dena. Helburua herriko euskaldun zaharren eta berrien artean harremanak sortzea da, urtean haien artean euskara erabil dezaten. Egunean, herri bazkaria ez ezik, bertsolariak, trikitixak eta berbena egongo dira.
Eguna, eguerdiko hamabietan hasiko da triki-poteo batekin eta 14:30ean bazkaria egingo dute Garrastatxuko etxean. Ostean, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsolariak arituko dira eta gauean jende guztiarentzako txokolatea eta berbena izango dira.
Belaiki Euskara Elkartearen kidea den Belen Ortuetak esan zuen helburua “euskaldun zaharren eta berrien arteko harremanak euskaraz ematea da”, izan ere, Baranbion euskaldun zaharrak daude baina herriko euskaldunen artean erdaraz egiten zen. Egun honekin eta egiten diren beste hainbat ekintzak direla eta, urtean euskaldunen artean euskaraz egitea lortu da.
Ideia orain dela 12 urte izan zuten eta orduz geroztik, euskal jaia ospatu ez ezik, urtean haurrentzako ipuin kontalariak edo sagardotegira edo bodegara irteerak egiten ditu Belaiki elkarteak, euskaraz mintzatzea helburu jarrita.