Sindikatu abertzaleak enpresa industrialak aldi baterako beharrak asetzeko bi lan burtsa osatu nahi dituela adierazi du komunikatu batean. Enpresa batzordeari prozesua nola izango den ez zaiola jakinarazi salatu du LABek.
“Enpresa batzordeari, prentsan, bi egunetan iragarki bat aterako dela jakinarazten zaion gauza bakarra da. Enpresa batzordeari ez zaio prozesua nola izango den jakinarazten, ezta zenbat langileei buruz ari garen, ezta burtsan egoteko bete beharreko baldintzak ere, ezta prozesuaren denboraldia eta datak ere ez zaizkio jakinarazten, ezta burtsaren prozesuan nola emango den sexuen arteko berdintasuna aukerei dagokienez eta abar”, dio komunikatuak.
Beste alde batetik, “duela gutxi, hitzarmenarekin batera, Tubos Reunidosek eta batzordeak sexuen arteko berdintasun plana eta euskara plana hitzartu zituzten. Gertatutakoa ikusita, Tubos Reunidosek duela bi hilabete eskas hitzartutakoa ez duela beteko ematen du”, esan du sindikatuak.
Tubos Reunidosen irabaziak
Enpresak abuztuaren bukaeran jakinarazi zuen aurtengo lehenengo sei hilabeteko etekin ekonomikoak 1,3 milioi euro garbi izan zirela. Tubos Reunidos taldearen negozioen bilakaerak lehenengo sei hilabeteetan errekuperazioa baieztatzen du.
Gainera, taldeko Administrazio Kontseiluaren eta Zuzendaritzaren artean 2 milioi euro baino gehiago banatu zituztela eta Bizkaian eta Mexikon dauden beste enpresen jabe egin berri direla gogoratu zuen enpresak.
LABen ustez “dena ondo dabilela eta joango dela iragartzen dute, baina administratzaile horiei hain ondo joan dakiokeen, aldi baterako eta prekarioa den lana bultzatu behar dute. Amurrioko lantegian egin nahi duten moduan. Aldi baterako lanaren gehiegizko erabileragatik, lan ikuskaritzak urtero isunak jarri izana ez zaie inporta”.