Erlijiorik gabeko herritarrek hileta edo omenaldi zibil bat edukitzeko lokala izango dute. Ekimena Ezker Abertzaleak maiatzean Amurrioko Udalean aurkeztutako mozio baten ondoren sortu da.
Udalak hileta zibilak egiteko udal lokal bat aurkitu beharko du; izan ere, honelako ekintzak antolatzeko gutxieneko baldintza batzuk bete behar dira. Gainera, Udalak ordenantza bat idatzi beharko du toki horren erabilera arautzeko.
Gizartean gero eta gehiago dira erlijiorik gabeko pertsonak eta horregatik, hain zuzen ere, hileta zibilak gero eta gehiago dira. Espainiako Estatuko hiriburuetan %20 dira hileta laikoak eta Europako herrialde batzuetan % 40 dira dagoeneko erlijiotik kanpo egiten diren hiletak, datu instituzionalen arabera.
2010eko lehen sei hilabeteetan Gipuzkoako, Nafarroako eta Arabako lau udalerritan ordenantza berriak onartu dituzte hileta zibilak eskaintzeko eta iragan urtean Legazpi, Zarautz, Eskoriatza, Etxauri, Tutera, Iruñea eta Cascante herriek ekitaldi zibiletarako aretoen erabilera arautu zuten.