Amurrioko Udalak Arrastariako eta Lezamako Udalen zenbait akta zaharberrituko ditu. Dokumentuak XIX eta XX mendeetakoak dira eta kontserbazio egoeraren arabera berrituko dituzte.
Arrastariako dokumentazioa 1885 eta 1983 urteen bitarteko udal aktak dira eta Lezamakoak berriz, bi garai ezberdinetan kokatzen dira; lehenengoak 1841 eta 1868 urteen artekoak dira eta bigarrenak aldiz, 1902tik 1926ra bitartekoak. Zenbait aktek zaharberritze sakona behar dute dituzten onddoak, hezetasuna eta orrialde falta direla eta, beste batzuek aldiz, koadernaketa egoki bat besterik ez dute behar.
Amurrioko Udalaren helburua dokumentu hauek Interneten bidez kontsultatu ahal izatea da eta horretarako, pasaden urtean artxiboa antolatzen hasi zen. Guztira, 2.100 espediente izan ziren sailkatuak, horien artean orain zaharberrituko dituztenak.
2004. urtetik XIX mende erdiko 56 akta-liburu berritu zituzten. Lan guzti honek 21.000 euroko gastua suposatu du.