Amurrioko Musika Eskolako maketa lehiaketaren seigarren edizioaren finalistak Las Gildas eta Evil Seeds taldeak izan dira. Rock and roll eta heavy metal musika jorratzen dute, hurrenez hurren.
Apirilean ireki zen Amurrioko Musika Eskolak urtero egiten duen maketa lehiaketan izena emateko epea. Parte hartzeko baldintza bakarra talde kide bat Arabako lurraldean edo Urduñan erroldatua egotea zen.
Aurtengo irabazleek oso musika ezberdinak jotzen dituzte. Las Gildas taldeak, Jontxiki (bateria), Txelo (baxua eta koroak), Irantzu (ahotsa eta teklatua) eta JimTnT (gitarra eta ahotsa), lagun arteko banda moduan hasi zen Nancy Sinatra, Van Morrison edo Dead Moon taldeen bertsioak egiten. Rock and roll musika jorratzen dute eta zenbait kontzertu eta zuzeneko grabazio bat egin ondoren, euren lehenengo diskoa izango dena grabatzen ari dira.
Evil Seeds heavy metal beteriko abestiak jorratzen dituzte. 2008. urtean Isaak (bateria) eta Inha (gitarra) elkartu ziren eta metal talde bat sortzeko behar zituzten osagaiak bilatzen hasi ziren. Lehenengo Roma (abeslaria) aurkitu zuten, eta azkenean Jonwar (baxua) eta Endi (bigarren gitarra) topatu zituzten.
Hortik aurrera kontzertuak egiten hasi ziren eta baita hainbat txapelketa irabazi ere, tartean, Basauri-on edo Bilbovisión-ek antolatutako VI Maketa Txapelketa. Taldea estudioan grabatutako lehenengo diskoa prestatzen dago Lamiña produkzio-etxean.
Hilaren 24an talde biek Amurrioko parkean joko dute euren lanak aurkezteko eta saria nork eramango duen jakiteko. Izan ere, talde bakoitzak ordu erdiko agerraldia egingo du irakasleez osatutako epaimahai baten aurrean, eta modu horretan aurtengo edizioaren irabazlea jakingo da. Gainera, iazko irabazlea izan zen Priscilla taldeak joko du. Sari honen banaketa Musika Eskolak antolatu duen astearekin bat egiten du, zeinek hilaren 17tik aurrera egingo den.
Orain dela sei urte Amurrioko Musika Eskola maketen lehiaketa egiten hasi zen Arabako musika taldeak bultzatzeko asmoarekin.