Javier Carrok, EAJ-ko parlamentariak, Aiaraldean beste ginekologo postu bat sortzeko proposamena aurkeztu zuen pasa den asteazkenean Eusko Legebiltzarrean.
Eusko Jaurlaritzak itxaron zerrenda murriztea hitzeman zuen, baina ez zuen aipatu ginekologia lan postu berri bat sortuko zuenik. Horren ordez, urtea bukatu orduko “antolakuntza hobetu eta itxaron zerrendak murrizteko” azterketa bat egingo zuela adierazi zuen Euskal Parlamentuaren Osasun Batzordeak.
Beste alde batetik, Aiarako Koadrila osatzen duten alderdi gehienek Ezker Abertzaleak aurkeztutako mozioa onartu zuten joan den astean. PSOE izan zen abstenitu zen alderdi bakarra.
2007. urtean Ezker Abertzaleak mozio bera aurkeztu zuen Amurrioko Udalean non ginekologia postu berri bat sortzea eskatzen zen. Proposamenak aurrera egin zuen eta Osakidetzan -garai horretan EAJ alderdiak zuzentzen zuen- aurkeztu zuten, instituzio horren aldetik inongo erantzunik jaso gabe.
Ezker Abertzaleak, bere aldetik, adierazi du ez duela ulertzen nola den posible, batetik, EAJ-k 2007an Gobernuan egonda, mozioari jaramonik ez egitea eta orain, oposizioan egonik Osakidetzari postu berri baten eskakizuna egitea; eta bestetik, PSOE-k, garai hartan Amurrioko Udalean aurkeztu zen mozioari baietz esatea, eta oraingoan berriz, abstenitzea.
Ezker Abertzalearen ustez “beste behin ere interes alderdikoiak gailentzen dira” eta nor arduratzen den herriak dituen benetako gabeziez galdetzen du.
Ginekologo baten premia
Egun ginekologo bakarra dago eskualde osoan, zeinek Laudio, Amurrio, Okondo, Orozko eta Urduñako 21.000 emakumeei bere zerbitzuak eskaintzen dizkie. Egunero kontsultara joaten diren 24 pazienteetatik 4 urgentziazkoak dira. Gainera, hiru eta lau hilabete arteko itxaron zerrenda dago eta ondorioz, emakume askok osasun pribatura jotzen dute.
Beste alde batetik, Arabako Osasun Sistema Publikoak prebentziorako ginekologia azterketak egiteari utziko diola adierazi zuen aurreko hilabetean. Hemendik aurrera eritasun sintomarik ez duten emakumeei ez zaie ginekologoarengana joateko biderik emango. Egoera berezietan bakarrik jo ahal izango dute, alegia.