Gasteizko Apezpikuak, Miguel Asurmendik, Laudioko San Roke Kofradiak urtero egiten duen bazkarian emakumeen parte hartzea galaraztearen kontra agertu da elizaren mezuaren aurkakoa delako.
Apirilaren 9an, San Roke Kofradiako kideek urtero egiten den bazkarian emakumeek parte hartzeko aukera izan behar ote duten bozkatu zuten, baina proposamenak ez zuen aurrera egin.
1599 sortu zen kofradia. Garai horretan sortzen ziren talde guztiek Trentoko Kontzilioak agindutako doktrina jarraitu behar zuten. Horregatik, estatutuaren artikulu batek dio: "primeramente ordenaron y mandaron que los cofrades del Señor Sant Roque ayan de ser en la comida hombres y no mujeres“ (lehenengoz agindu zuten San Roke Kofradiaren bazkarian, gizonek parte hart zezaten, baina ez emakumeek).
Kofradia eliza katolikoaren baitan egonda, azken hitza Gasteizko Apezpikutzak eta Laudioko Udalak daukate. Miguel Asurmendik apezpikuak argi esan du: “Estatutuaren artikulu hori XX eta XXI mendeetan elizak izan duen arautegiarekin kontrakoa da”.
Gauzak horrela, Asurmendik “egungo elizaren doktrinarekin bat etortzen diren arauak betetzeko ahaleginak egitea” eskatu dio Kofradiari. “Gasteizko Apezpikua, eta azken garaietako Aita Santu guztiak, emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alde eta diskriminazioaren kontra gaude”, adierazi du Apezpikuak.