Euskadi-Kuba, Kubarekiko adiskidetasun eta lankidetzarako elkarteak, Emakume kubatarrak, Iraultza bat beste baten barruan izeneko argazki erakusketa antolatu du Bañuetan kiroldegian maiatzaren 3tik 14ra bitartean.
Emakumeak Kubako biztanleriaren erdia dira eta legebiltzarreko kideen %43. Unibertsitateetako ikasleen %66, herrialdeko langile teknikoen eta profesionalen %66, ikertzaile zientifikoen %48 eta lankidetzarako misio internazionalistetako pertsonen %52.
Kuban iraultzak irabazi zuenez geroztik, 1959. urtean, aurrepauso handiak eman ditu irlako gobernuak emakumeen eskubideen eta askatasunen alde. Emakumezkoek funtsezko funtzioa izan dute gizarte aldaketan eta erabakietan.
Esate baterako, emakumeentzat berariazko osasun programak daude, eta sexu eta ugalketa eskubideak errespetatzea lortu dute, beren gorputzekin lotutako erabakiak hartzeko askatasuna edukiz. Era berean, emakumeek herrialdeko eremu orotan parte hartzen dute eta erabakiak hartu behar diren postuetan emakumeen presentzia nabarmena da.
1960.urtean Emakume Kubatarren Federazioa (FMC) sortu zen politika programak sortzeko eta emakumezkoen berdintasuna guztiz betetzeko gizarte esparru eta maila guztietan. Egun, 4 milioi afiliatu baino gehiago ditu eta Latinoamerikako Genero Behatokiko kidea da, besteak beste.
Hala eta guztiz ere, Kuba ez dago kultura patriarkaletik kanpo. Gurean bezala, kultura horretatik jasotako aurreiritzi eta estereotipo sexistak gainditzeko erronkari aurre egin behar dio oraindik. Izan ere, gizartean oraindik ere emakumeekiko ezberdintasunak daude.
Emakume kubatarrak, Iraultza bat beste baten barruan erakusketak Kuban eman diren aurrerapenak eta oraindik falta diren erronkak erakutsi nahi ditu.