Igandean, nahiz eta egun euritsua izan, milaka pertsona joan ziren Okondon antolatutako XIII Baserri Azokara.
Urtero bezala, udaberriko lehen igandean baserriko produktuak probatu eta eskuratzeko aukera egon zen.
Aiaraldeko baserrietako produktuen eta artisautza-lanen erakusketa egon zen. Eztia, barazkiak, lekaleak, ogia edo gazta saldu zituzten, besteak beste, eta inguruko artisauek beira, buztina edo egurrez egindako produktuak erakutsi zituzten.
Gainera, aiaratarrok taloa, sagardoa, gaztainak eta Lumagorri oilaskoa dastatzeko aukera izan genuen.
Gesaltza Txarangak eta Okondoko Dantza Taldeak azoka girotu zuten zanpantzar talde batek herriko kaleak zeharkatzen zituen bitartean, eta bukaeran txahal bat zozkatu zen.
Baserrietako bizimodua eta lanak aurkeztu ziren, jendeari Aiarako nekazarien bizimodua ezagutarazteko. Esate baterako, ardiei ilea nola moztu erakutsi zuten.