Laudioko Udalak bi hilabete izango ditu Espainiako bandera udaletxeko balkoian ezartzeko, Espainiako Auzitegi Gorenak bidalitako errekerimenduaren ondoren.
Sententziak dio Laudioko Udalak Espainiako bandera jarri beharko duela “nazio sinbolo gisa; subiranotasunaren, independentziaren, batasunaren eta aberriaren osotasunaren ikurra delako”.
Udalak apelazioa aurkeztu bazuen ere, Gorenak dio epai irmoa denez ezin dela errekurritu eta ondorioz, derrigorrezkoa dela betetzea.
2003. urtean Cesar Velasco Estatuaren Abokatuak, salaketa bat jarri zuen udalbatzak banderen inguruko legedia bete zezan. 2005. urtean Laudioko Udalak Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Epaitegi Gorenean errekurtsoa jarri zuen eta honek araudia bete behar zelako irizpena eman zuen. Azken alegin bezala, Udalak kasua Epaitegi Gorenean aurkeztu zuen.
Laudioko alkateak, Jon Karla Menoiok, esan du: “gustatzen ez zaigun berria da, ez duelako gehiengoaren iritzia errespetatzen. Hala ere, sententzia beteko dugu, erakunde bat garen aldetik, derrigortuta gaudelako”.
Alderdi Popularrak bere aldetik beste herri batzuetan gertatzen dena Laudion ez gertatzea espero duela adierazi du. Beste herri batzuetan, bandera nekez ikus daitekeen tokietan edo udaletxeko teilatuan jartzen dute, PPren ustez.