Laudioko udalak antolatuta, maiatzaren 22an izango den auzotarrei zuzendutako batzarraren deialdian “Laudio 2025” proiektua aurkeztuko da. Bertan, Laudioren etorkizunari buruzko oinarri estrategikoen diseinuan lehenengo pausua eman nahi da. Izan ere, abiatuko den prozesuan datozen 15 urteetarako garapenaren inguruko akordio estrategikoak lortzeko mekanismoa indarrean jarriko da.
Batzar honetan, Prospektiker-eko arduradunek (lanak koordinatzearen enpresa arduraduna, lizitazio-prozesu publikoaren bitartez), prozesuaren helburuak, abian jarriko diren parte-hartze tresnak eta prozesuaren epeak azalduko dituzte. Javi Puertasek atari honetan egindako elkarrizketan esan duenez, prosezu luzea, bizia eta sakona izango da non lehenengo helburua 2025 urtean zein herri mota nahi dugun identifikatzea den. Horretarako, jendearen parte hartzea ezinbestekoa dela azpimarratu du eta foro estrategikoa eta eztabaida irekiak antolatuko direla aurreratu du.
Batzarra maiatzaren 22an, asteazkenean, arratsaldeko 18:00etan lanbide heziketako udal zentroko zineman egingo da.
2013 urterako aurrekontuak
Azaldutako proiektuaz gain, batzar honetan 2013 urterako onartutako aurrekontuaren lerro nagusiak azalduko dira sakonki. Onartutako proiektuak eta urte honetarako aurreikusitako aurrekontuaren egitura aurkeztuko du udal gobernu taldeak. Onartutako proiektu hauek auzoetako batzarretan egindako proposamenetan, lehentasun galdetegietan eta korporazioa osatzen duten talde ezberdinetan oinarritzen dira.