Laudioko udalak datozen urteetan martxan jarriko duen proiektu berriaren aurkezpena egin du. Hirigintza Antolakuntzarako Plan Orokorraren (HAPO) berrikuspena, hain zuzen ere. Aurreko legealditik geldirik zegoen proiektu hau berreskuratu egin da planaren inguruko hainbat aspektu baloratu eta gero. Berrikuspen honekin hasi baino lehen herriarentzeko komenigarriak diren hiri-politikak garatzeko oinarri estrategikoak definitu behar direla aipatu du Natxo Urkixo alkateak. Horretarako,“Laudio 2025 hiri plangintzak” fase ezberdinak izango ditu. Alde batetik, proiektua hainbat eragileren arteko gogoeta prozesu batetik abiatuko da, non herriaren errealitate urbanistikoa, ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa aztertuko den. Fase honen helburua gogoeta bidez arlo bakoitzaren beharrak identifikatzea da. Beste alde batetik, bigarren fase batean, arloka diseinatuko da aproposa izan daitekeen estrategia eta datozen urteetan honek izango dituen proiektu eta ekintza zehatzak.
Hau guztia lortzeko, Urkixok herritarren partaidetzaren beharra azpimarratu du. Izan ere, udalaren helburua partekatutako eztabaida eta gogoeta sozial bat sortzea da non, zer eta nolako herria nahi duten definitzeko. Partaidetza antolatzeko, existitzen diren hainbat foro erabiliko dira, auzo asanbladak, besteak beste. Baita foro berriak ere, foro estrategikoa eta lan-talde sektorialak,kasu. Aurreratu dutenez, hainbat bide telematiko erabiliko dira.
Parte hartzeko, 94-4034800 telefonora deitzeko edo e-mail bat bidali helbide honetara: zurelaudio@laudiokoudala.net eskatu dute.