Pasa den ostiralean emandako prentsaurrekoan Auzo Harremanen Foru Planaren eta Obra Txikien Foru Planaren baitan proposatutako egitasmoak aurkeztu zituen gobernu taldeak.
Auzo Harremanen Foru Planari dagokionez, lehenengo eta behin gobernu taldeak azpimarratu nahi izan zuen auzolana edo lan komunitarioa bultzatzen duten programekin bat egiten dutela. Plan honen bidez, hain justu ere, horrelako lan komunitarioak sustatu nahi dira, non auzokideek lanean parte hartzen duten Aldundiak eta udalak obrarako materiala eta zerbitzu teknikoak eskaintzen dituzten bitartean. Kasu honetan, Aldundiak jartzen dituen baldintzak kontuan izanda, Gardeako baselizaren atsedenlekua egiteko proiektua aurkeztu du udalak. Hau auzokideek sarri errepikatu duten eskaera bat izan da eta orain udalaren asmoa zonalde honen hobekuntza lortzea da. Aurrerago, deialdi bat egingo da bai Gardeako auzokideek bai Laudio osoko auzokideek proiektu komunitario honetan parte har dezaten.
Bestalde, Obra Txikien Foru Planaren kasuan, Aldundiak jartzen dituen baldintzen artean 35.000 euro baino gutxiagoko aurrekontua duten obrak baino ezin direla aurkeztu azaldu zuen hirigintza arloko zinegotziak. Hartara, herriko hilerrian konponketa batzuk egitea proposatu du udalak. Besteak beste, irisgarritasuna hobetzea izan da proposatu den konponketaren helburu nagusienetako bat.