Pasa den urtean Laudioko udalak Udal Erregelamenduaren aldatze zehatza egitea erabaki zuen Jaien Kontseilua onartzeko. Erregelamendu honen izaera kontsultiboa izan da alderdien arteko eztabaidagai nagusienetako bat. Izan ere, OMNIA taldeak kontrako bozka eman du kontseiluaren erabakiak lotesle izaera ez izateagatik. Gobernu taldearen hitzetan, legeak ez du onartzen horrelako izaerarik Sektoreetako Kontseiluetan eta horrela jakinarazi diete erregelamendua egiteko egon diren eztabaidetan parte hartu duten guztiei.
Honen harira, EAJ eta PSEk erregelamenduak duen aholku-emaile izaera errespetatu behar dela adierazi zuten. Hala ere, Bilduk azpimarratu nahi izan zuen kontseiluak hartzen dituen akordioak errespetatuko dituela, nahiz eta formalki osoko bilkuratik pasatu behar. Arloko zinegotziak jaien kontseiluaren funtzionamendua eredu bezala jarri zuen 2012ko jai-programan kontseiluan hartutako erabakien %90 onartu zirela azpimarratuz.