Laudioko udalak herritarren lehentasunak jasotzeko martxan jarri zuen inkestaren emaitzak jakinarazi ditu www.zurelaudio.net web orriaren bidez. Auzoz auzo eta laudio mailan egindako inkestan, 1066 erantzun jaso ditu udalak. Horietatik, 200 inguru web-gunearen bidez bete eta bidali dira eta genero aldetik, parekotasun handia lortu da emakume eta gizonen arteko partaidetzan.
Laudio mailan herritarrek aukeratu duten lehentasun nagusia epe laburrean zine-antzoki bat izatea izan da. Gainerako proposamenek baino askoz boto gehiago jaso du (3628). Ondoren, aparkalekuak (2627) eta Lamuza parkeko proiektua (2597) aurki daitezke lehentasunen artean. Hirigintza zinegotziak azpimarratu zuen gaitasun ekonomikoaren arabera garatuko dituztela proiektu hauek. Momentuz, Parkeko proiektuak aldundiaren babes ekonomikoa jada lortu duela eta, epe laburrean proiektua garatzea espero dute.
Bestalde, auzo bakoitzak lehenetsitako proposamenak ere aditzera eman ditu udalak:
- Areta: Iturraldeko hobekuntzak
- Arraño: Irisbide mekanikoa
- Erdigunea: Altzarrate zubia
- Gardea: Santa Kurutz Zubia
- Landaluze: Aparkalekuak
- Latiorro: Autobiderako sarbideak
- Ugarte: Ugarteko biribilgunea
- Landa eremua: Landa-eremuko errepideak