EH Bildu eta EAJ alderdien presentziarekin erdiguneko batzarra ospatu zen pasa den ostegunean. 30 lagun inguruko batzarrean, lehentasunen inkestaren emaitzak, partaidetzari buruzko sortu den web gune berria eta egindako prozesu partehartzaileak aurkeztu zituen hirigintza zinegotziak.
Inkestaren inguruan, 1066 inkesta jaso izan direla azpimarratu zen, non 200 inguru web-gunearen bidez bete eta bidali egin diren. Genero aldetik, parekotasun handia lortu da emakume eta gizonen arteko partaidetzan. Emaitzei dagokienez, erdiguneko hiritarrek Altzarrate zubia konpontzea dute lehentasun nagusitzat. Ondoren, Lamuza Parkeko proiektua martxan jartzea eta Abastos Azoka birurbanizatzea izan dira gehien baloratu diren proposamenak. Udal taldeak azpimarratu nahi izan zuen, haien asmoa dela udaleko aurrekontuetan lehentasun hauek gehitzea. Gaitasun ekonomikoaren arabera proiektuak garatuko dituzte. Horren harira, Parkeko proiektuak aldundiaren babes ekonomikoa jada lortu duela azaldu zuten eta, beraz, epe laburrean proiektua garatzea espero dutela. Laudio osoko mailan, lehenengo lehentasuna epe laburrean zine-antzokia bat eraikitzea izan da; bigarrena aparkalekuei dagokie.
Bestalde, azken hilabete hauetan udaleko ideien bulegotik bultzatutako ekimenen laburpena ere aurkeztu dute. Ekimen hauen artean, www.zurelaudio.net web-gunearen sorreraren berri eman zen non partaidetzaren inguruko ekimen guztien informazioa lor daitekeen.