Jesuri eta Ganeko bizirik! taldeak aurkeztutako parke eolikoaren kontrako mozioa onartu zen atzo Laudioko udalbatzan Bildu, EAJ, PP eta Onmia-ren botoekin.
Hilabete hasieran erregistratutako mozioan, talde honek Jesuri eta Ganekogorta mendietan parke eolikoen proiektuaren geldiketa eskatzen du. Izan ere, proiektu honek bultzatzen duen mendien industrializazioa salatu nahi dute, baita honek suposatzen dituen kalte natural eta paisajistikoak ere, besteak beste. Honekin lotuta, taldeko kideek kasu honen arrazionaltasun eta sustengarritasun falta azpimarratu dute.
Azken hilabeteetan, parke eoliko hauen kontrako mozioak onartu egin dira hainbat herritan (Ugao, Gueñes, Alonsotegi, Arrankudiaga eta Okondo). Okondo izan da hauen artean azkenetako bat non korporazioa osatzen duten talde politiko guztiek (Bildu, EAJ eta Okondo Bai) adostu zuten haien kezka adierazten duen mozioa, zeinak Eusko Jaurlaritzari bere jarrera berraztertzea eskatzen dion.
Hemendik aurrera, Jesuri eta Ganeko bizirik! taldekoek hainbat ekimen abiatuko dituzte proiektu honen geldiketa lortzeko. Izan ere, energia berriztagarriekin duten adostasuna argi utzi nahi dute, baita eolikoekin ere, baina ez “edozein lekutan eta ez udalen partehartzerik gabe” baizik eta beste eredu alternatibo bat bilatuz.
Garoña 2013an ixteko eskaera
Garoñako zentral nuklearra ixteko mozioa ere aurkeztu zen asteleheneko udalbatzan. Kasu honetan, PP izan ezik, beste alderdi guztiek zentral nuklear honen itxiera eskatu zuten 2013ko epea errespetatuz. Izan ere, komunikabideetan jakinarazi denez, Mariano Raxoik plantaren bizitza 2019ra arte luzatzeko asmoa izan dezake.
Aurreikuspen honen kontra agerti ziren Laudioko alderdi gehienek, zeinek azpiegitura honen behin betiko ixteko unea heldu dela esan zuten. Mozioaren onarpenarekin, Laudioko udalak Garoña 2013an itxi! leloa berea egingo du.