Urtarrilaren 21ean 35 urte bete ziren Laudioko lehenengo auzo asanbladak sortu zirenetik. Trantsizio garaian herri mugimenduan aritu ziren hainbat auzokide eta zinegotzik “Alternativa de gestión popular” izena zuen mozioa aurrera eramatea lortu zuten. Alternatiba honek auzo asanbladen bidez garatzen zen partaidetza izan zuen oinarri. Izan ere, tarte labur baina esanguratsu horretan, auzoetan hartzen ziren erabakiak era zuzenean onartzen ziren udalean, demokrazia zuzena bultzatuz.
Esperientzia honen garrantzia azpimarratzeko, Laudioko udalak omenaldi bat egin nahi izan die garaiko protagonistei. Hauen izenean, Esteban Perezek hartu zuen hitza alternatibaren oinarriak azaltzeko: “utopia bizi izan genuen”, esan zuen. Ezinezkoa zena guztien partaidetzari esker aurrera eraman zutela jakinarazi zuen, inolako sigla polítikorik gabe, botere politikoaren hutsunea baliatuz.