Laudioko udalak 2011ko auzo asanbladen azterketa aurkeztu du eta honekin batera martxan jarriko dituen tresna eta ekintzen berri ere eman du. Hauen artean, beharren mapa dago, hau da, auzo asanblada eta beste bide batzuetatik jasotzen diren eskaeren inbentarioa burutuko da. Lan hau egiteko arduradun bat egongo da, eta haren ardurak, auzokide zein taldeekin harremanetan egotea, beharren mapa eguneratzea eta informazioa biltzea izango dira, besteak beste. Gobernu taldearen hitzetan, beharren mapa aurrekontuen ondorengo garapenerako ezinbesteko tresna bihurtuko da, auzokideen beharren ezagutza eguneratua eta finkatua izateko. Mapa hau Udalaren webgunean zintzilikatuko da.
Bestalde, Auzoetako Jarraipen Batzordea, non auzo guztietako auzokideek parte hartzen duten, berrabiatuko da. Honek aurreko urteetako esperientzia hobetuz eta jasoz bere egitekoa eta auzoetako taldeena indartuko du, auzo asanblada batetik besterako lanak fritu hobeak emanez.
Partehartzearen neurri berri hauen artean ere, Udalak jakinarazi izan du ideien bulego berri bat abian jarriko duela. 2012ko lehen hiruhilabetea amaitu baino lehen sortuko den bulego honek arloko jardunaldiak, lantegi partehartzaileak, eztabaidak, mahainguruak edota asanbladak antolatuko ditu, mapan jasotako beharretarako proposatzen diren balizko soluziobideez hausnartu eta sakontzeko. Era berean, bildutako ideiez eta proposatutako irtenbideez informatzeko ardura ere izango du bulego honek, politikoei eta auzokideei informazioa Udalaren komunikazio bideetatik igorriz.
Azkenik, datozen hilabeteetan parte hartzeko era elektroniko berriak martxan jarriko dira partehartze beste ekimenetara joateko aukerarik ez dutenek ere parte hartu ahal izan dezaten.