Laudioko udalak jaiak antolatzeko sistema berri bat martxan jarri du partaidetzan oinarrituz. Momentuz, bi deialdi egin ditu jaien hainbat aspekturen inguruan hitz egiteko herriko talde eta elkarte kulturalekin. Lehenengo bilera irekian jaien balorazioa egin zen non Udalak ez ezik, beste hainbat eragilek ere haien balorazioak aurkeztu zituzten. Honekin batera, Laudioko Udalak irailean etxe guztietara bidalitako inkestaren behin-behineko emaitzak aurkeztu zituen. Bestalde, jai-gune, aurrekontu, ekitaldi, pregoia hautatzeko sistema eta jaien datak lantzeko beta ere egon zen.
2012ko jaien data zehatzak izan ziren, hain zuzen ere, lehenengo bilera horretan eztabaidagai, eta azaroaren 9an egindako bigarren bileraren lehenengo erabakia ere horren ingurukoa izan zen: azken urte hauetako 3+5 formula mantenduko da datorren urtean. Hau izan da kontsentsu gehien lortu duen aukera.
Bilera hauetatik sortutako lan-talde berria (Laudioko Udalak, Apill, Idiprobak, Canal 54 eta Jaiak koordinakundeak parte hartzen dute) jaiak prestatzeaz eta proposamen berriak egiteaz arduratuko da. Besteak beste, jai-guneen zentralizazioa, aurrekontua eta zezenketen egokitasuna aztertuko dituzte. Gai hauek eta beste batzuk jorratzen jarraitzeko, horrelako bilerak antolatzen jarraitzeko konpromisoa hartu du Udalak, 2012ko jaien eredua era partehartzailean definitu ahal izateko. Hurrengo bilera irekia abenduaren erdialdean izango da.
Jaien inguruan eztabaidatzeko sistema ireki honetan antolatu diren bileretan Los Arlotes, Calva Llodiana, Club Pasabolo Llodio, Idiprobak, Jaiak Koordinakundea (Ñorrala, Kuxinak, Arkupekoak, Bihurriak, Txilardiak, Canal 54, Galtzagorri), Ttuntturro, Apill eta Laudioko Udala izan dira besteak beste.