Elkarlanean aritu dira Orozkoko Udala eta eskola bera COVID-19aren aurkako plan berria diseinatzeko. Aurreko ikasturtea amaitu baino lehen, udal ordezkariak ikastetxe publikoko zuzendaritzarekin hasi ziren elkartzen.
Bilera horiek irailean zehar jarraitu dute, ikasleak eskolara bueltatzean jarraitu beharreko protokoloak lantzeko helburuarekin eta egunez eguneko arazoak konpontzeko asmoz.
Horrekin batera, herriko lokalak eta espazioak eskaini dizkio udalak eskolari, ikasgelak banatu ahal izateko beharrezkoa balitz: Ibarra auzoko antzinako eskolak, Zubiaur auzoko anbulategi zaharra, Gizarte Etxea, Kultur Etxea, Liburutegia eta Gaztetxokoa.
Gainera, honako ekipamendua jarri da eskolaren eskura: 500 maskara higieniko, 15 FFP2 maskara, eskuak garbitzeko 5 litro geleko 5 bidoi eta gainazalak garbitzeko beste 5 litroko 5 bidoi, 12 gel-banagailu, 4 termometro eta 5 alfonbra desinfektatzaile.
Amaitzeko, garbiketa osagarrirako eta desinfekzio lanetarako enpresa kontratatu da, eta altzarien lekualdaketa udal brigadak burutu du.