Urteak daramatzagu gure pentsio sistemaren gaineko eztabaida interesatu baten parte izaten. Gure pentsioen maila kotizazioen bidez lortuko den diruaren araberakoa izango denaren baieztapenera mugatu nahi dute batzuek eztabaida hori.
Beste ikuspuntu eta politika batzuk ez dira soilik posible, beharrezkoak ere badira. Nire ustez, eztabaida bat ireki beharko litzateke nahi dugun babes sozial motaren inguruan, eta babes sozial hori zergen bidez mantentzeko eta handitzeko prest gauden ere galdetu beharko genioke gure buruari, Gizarte Segurantzako kutxan zenbat diru daukagun galdetzen egon ordez.
Europako gobernu kontserbadore guztiek krisiaren aitzakia baliatu dute euren helburua lortzeko: pentsioen murrizketa eta sistema pribatuen ugaritzea. Eurek abian jarritako lan-merkaturako politikak dira Gizarte Segurantzako finantziazio arazoak handitzen ari direnak.
Adibide bat jartzearren: 2015eko lehen sei hilabeteetan ia 70.000 pertsona gehiago hasi ziren kotizatzen, baina kotizazioekin lortzen den dirua 639 milioi eurotan baino ez da handitu. Aldi baterako kontratuek (% 92) eta soldata baxuek gobernatutako lan-merkatu baten ondorioa da hori.
Hortaz gain, geroz eta langile gehiagok dituzte lanaldi partzialak. EAEko emakumeen kasuan, lan egiten duten emakumeen herenak bizi du egoera hori.
Horregatik, gure pentsioak hobetzeko modu bat (ez bakarra) izan daiteke gure lan-merkatu zauritua hobetzen hastea.