IRITZIA

Okondo, kanpokoentzat ere gertuko

Erabiltzailearen aurpegia Rebeka Munin 2022ko urt. 18a, 06:00

Okondon berdintasunaren alde eginiko martxa. / Aiaraldea.eus

Bilbotik Okondora bizitzera joatea erabaki genuen duela 3 urte. Herri txiki batean bizi nahi genuen, zerbitzu minimoak bermatuta (tabernak,eskola eta denda). Lasaitasuna nahi genuen, familia handitzeko. Idealarekin lotuta dago goxotasuna, baina errealitatearekin gurutza daiteke. Hiritik herriratutako familiaren istorioa da gurea. Bilbon lan egiten dugu nire bikoteak eta biok; eta bertan ditugu familia zein bizitza soziala. Hala ere, gurasoekin txikitatik Okondoko igerilekuetara etortzen ginen, asko gustatzen zitzaigun. Igande batzuetan etortzen hasi ginen herria ezagutzeko, eta giroa gustatu zitzaigun. Flipatu egiten genuen: Okondo oso herri txikia da eta agenda oso betea du; umeentzat zein nagusientzat gauza asko dituzte: tailerrak, pilates...

Hemen ez da dena ehiza eta taberna. Nabarmentzekoak dira berdintasunaren alde egiten diren ekintzak. Udalean LGTBIQ+ bandera dago, eta indarkeria matxistaren aurkako bandera. Horrek herri txikia izanagatik inplikazio handia erakusten du berdintasunarekin. Gure kasuan, bi amadun familia gara, eta gertutasuna jaso dugu. Hirian ez bezala, hemen egunero topatzen dituzu pertsona berberak; denok ezagutzen dugu elkar: auzokoak gara guztiak. 'Hau da herriko bollera' esaten badute, ez agurtu eta kitto. Hirian, eskolan, lanean, metroan... errazagoa da seinalatuta egotea, jende desberdina ikusten baituzu une oro. Guk lasaitasuna bilatzen genuen, baina umeak kalean ibiltzea ere bai (kaletik korrika egitea...). Herri batean kezkak gutxiago dira, hemen ez dago horrenbeste jende ezezagunik, autorik edo arriskurik. Gainera, Okondoko biziak hezkuntza sanoagoa eman diezaioke umeari. Haurrarekin paseatzera goazenean ahateak, behiak eta ortuak ikusten ditugu. Eta hori ere aberasgarria da belaunaldi berrientzat. Hori galdu egin da hirietan: haurrek diote supermerkatuetan sortzen direla arraultzak.

Zentzu horretan, erraza izan da Okondora egokitzea. Orain arte beldur gehiago ematen zigun guri buruz izan zezaketen iritziak, baina, haurra izatean dena aldatzen da... Gure kezka orain umeak ez sufritzea da, eta momentuz, badakit eskolan ez dutela inoiz "bereziki" tratatuko. Hori izango da termometroa guretzat. Herriari bizitzeko aurkitu dugun erraztasuna eskertu nahiko nioke, kanpokoak izanagatik eta 2 neska izanagatik. Ez dugu oztoporik aurkitu paperak egiteko udalean, eskolan ez medikuan. Are, Okondoko Eskolan, ama eta aita jartzen duen tokian Eusko Jaurlaritzari aldaketa eskatzeko prest egon dira. Dena oso normala izan da: ziur nago Bilbon edo hori handi batean ez zela berdina izango.

Okondon ere familia eredu desberdinak ugaritzea garrantzitsua da,  beste edonon bezala. Tabuak apurtu behar dira, horretaz hitz egin behar da, publiko egin behar da; nahiz eta zure pribatutasuna apurtzea ekarri. Gertuko izan zaitezke, kanpokoa izan da ere. Auzokoak gara, eta bizilagunak garenez errespetua diogu elkarri. Gu bizitza lasaiaren bila etorri ginen, eta errespetuarekin eta hezkuntza minimoarekin konformatzen gara. Jende jatorra aurkitu dugu. Kuadrillak itxiak izan arren, denek agurtzen gaituzte, eta laguntza eskaini izan digute auzokoekin, eskolan zein dendan. Ezertaz ezagutu gabe, bizilagun gisa hartu gaituzte beti. Herri lasai bezain bizia da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide