Larunbat arratsaldea, asteko erosketak eten zituen dei batek. “Bai?” “Kaixo Sergio, Floren naiz. Begira, baserrian lanean ari ginela, zerbait bitxia agertu da lurzoruan. Bihar berau begiratzera etor zintezke?” “Bai, noski, han izango naiz bihar”. Erosi beharrekoak baino hil-harriak, erromatarrak, eta bestelako burutapenek bete zuten nire adimena. Igande goiza. Isusi, Goikoetxea baserria. Usiatarrak. Lurzoruan ñabarduraz beteriko zulo nabarmen bat. “Honen ulermenak esku hartze arkeologiko bat eskatzen du. Bihar museora deitu eta baimena eskatuko dut” izan zen bisita hura teknikoki amaitzeko erabili nuen baieztapen iheskorra. Hala jakinarazi nien ere Arabako Aldundiko Arkeologi teknikariei, indusketa arkeologiko bat egiteko prozedurari hasiera ematerako orduan. Harridurak jota gelditu nintzen hauen ahotik “agian Aldundiak finantzatu dezake” entzun nuenean.
Ziurgabetasunez beteriko zenbait aste pasa ziren Aldundiak gure lanaren finantzaketa ageri zen agindu forala argitaratu zuenerako. Jarraian, hurrengo egunetan, hasi ginen Goikoetxea baserriko ataria zulatzen. Ez edonola, noski, arkeologiak ohi duen moduan: geruzaz geruza, lehenik eta behin berriena, gero honen azpian dagoena, eta horrela geruza geologikora heldu arte. Bakoitza kendu aurretik marrazki eta argazki bidez dokumentatuz. Bakoitza kendu bitartean bere konposaketa aztertuz eta beste geruzekiko harremana zehaztuz. Horrela erabiltzen dugu estratigrafia arkeologian, lurzoru zein eraikinen zati bakoitza ikertu eta isolatzeko, atal bakoitza deslotuaz, lekuko material horien osotasuna nola eratu den ulertzeko.
Emaitzak labur azalduko ditugu jarraian. Eta hala behar du izan, ondorio ugari ez ditugulako atera. Lortutakoak, aldiz, tinkoak eta garrantzitsuak direla defendatu genezake, bai bertako historia berregiteko, bai Araba zein Euskal Herrian iraganean emandako prozesu ezberdinak hobeto ezagutu eta zehazten laguntzeko. Oraindik horretan ari garen arren, orokorrean hiru aldi nagusi ezberdindu ahal izan ditugula esan genezake. Zaharretik berrira: egungo baserria baino zaharragoa den beste baserri bat, egungo baserriaren eraikitzea eta honen barne egituraren berrantolaketa.
Aurretiko baserriaren aztarna gutxi ditugun arren, sendoak dira izan. Alde batetik, atariko harrizko zoruan barneratu zuten horma ilara bat antzeman ahal izan dugu. Tipologikoki lehen baserriekin bat datorrena, harlandu gotikoa baitu, eta kokapen aldetik, egungo ataria dagoen espazioa horma batek ixten zuela adierazten duena. Bestetik, aurkikuntzarik garrantzitsuena dugu, dolare baten ardatza eusteko egin zuten estruktura; hots, sagardoa ekoizteko erabiltzen zen egituraren zati bat. Estruktura hau, harkaitzean zulo bat eginez hasi ziren eraikitzen. Honen barruan ardatza bertikalean kokatu zuten eta, honen mugimendua eusteko, horizontalean lau habe txikiago jarri zituzten. Hauek bi maila ezberdinetan kokatura daude, binaka, eta alboetan harriak jarriz sendotu zituzten. Beraien ezaugarriei esker, bai horma eta bai egiturak, XVI eta XVII. mende bitartean koka ditzakegu.
Honen ondoren, XVIII. mendean alegia, gaur egun ikus daitekeen baserria eraiki zuten. Behintzat honen harrizko egitura. Horren testigantza ere jaso dugu indusketan, eta berreraikitze horrekin erlazionatu dugu atarian zegoen harrizko zorua. Hau eraiki eta zenbait denbora ondoren, XIX. mende amaieran eta XX.aren lehen erdialdea bitartean, barne egituraketa guztia berrantolatu zuten. Honela interpretatu dugu egun zutik dagoen egurrezko egitura, besteak beste, berrerabilita eta birkokatuta dauden dolare baten elementuak barne.
Honaino, adierazle ezberdinak erabiliz eraiki ahal izan dugun istorio txikia. Argi dago, Arabar Aldundiak bere osotasunean ordaindu duen indusketa honi esker, Isusi auzoaren biztanle eta paisaiaren inguruan zer edo zer gehiago dakigula. Gutxienez, XV eta XVIII. mende bitartean sagasti gehiago eta dolare baserri bat zegoela gogoratu ahal izan dugu. Baita mende haietako Laudioarrek sagardoarekiko zuten zaletasuna oroitarazi. Hori gutxi balitz, Aro Modernoko baserriaren ezaugarri nagusiak, zein egungo baserriarekiko duen erlazioa zehaztu ahal izan dugu ere.
Badu guretzat beste esanahi bat ordea. Egitasmo aldetik aipatu dugun lanekiko lotura zuzenik ez duen arren, Ermu edo Santa Luzia izenez ezagutzen den inguruneko ondare kulturalaren gaineko ekintzei eman die hasiera. 2013 urtean sinatu zen Euskal Herriko Unibertsitatea eta Laudioko Udaletxearen arteko elkarlanak, 2014 urte honetan ezagutza historikoan sakontzeko aukera gehiago emango digulakoan eten nahi nuke iragana eta oraina nahastu dituen hausnarketa diakroniko labur hau. “Hau hasiera baino ez da” esanez amaitu nahi nuke beraz. Baina hau ziurtatu ezean, eta hala izan dadin, gure ekimena zordunduko dut hemen, orain, publikoki, idatziz.