Seda deituriko nobelak hurrengo istorio hau kontatzen du: zeta-harrak saltzen dituen frantziar batek Japoniara bidaiatzen du kalitatezko harrak erosteko. Bere bidaietan emakume japoniar baten begi misteriotsuez maitemintzen da. Frantziara itzultzen denean, saltzaileak nagusia eta emaztea zain dauzka, eta andreak gizona aldatuta ikusten du. Bere maitasun istorioa platonikoa da erabat, irreala, baina Frantzian duen bizitza, aldiz, erreala da. Emaztea konturatzen da ezinezkoa dela fantasma baten kontra borrokatzea eta, horren ondorioz, erabaki bat hartzen du. Alessandro Bariccoren liburu goxoegi hori aipatu nahi dut urteetan zehar niretzat Laudioko jaiak platonikoak izan direla azaltzeko, nolabait. Saltzaileak emakume japoniar hura idealizatuta bazuen, nik, Laudioko jaiak idealizatzen nituen.
Udaro legez, nire gurasoak Andaluziara eramaten ninduten. Oso uda onak igaro ditut Malagako herrixkan, egia esan. Baina nerabe bilakatu nintzenean Laudioko jaiak bizitzea nolakoa izango zen galdetzen nion neure buruari. Laudiora itzultzen ginenean, Odoloste Egunaren ostean, feriako txosnek zirauten, eta nik irudimenari eusten nion jaietako sekuentzia luze bat osatzeko. Heldu bilakatu nintzenean, jaiak bizitzeko aukera izan nuen. Gau ahaztezinak gordetzen ditut memorian, bai eta egun ederrak ere –eta etorriko direnak, espero-, baina Laudioko jaiak ez dira inoiz hemen egoten ez nintzenean baino perfektuagoak izango niretzat: garai horretan Laudioko berbenaren musika milaka kilometrotan entzun zitekeen, sinets nazakezue.