Edozein gauza galtzeak gauza hori maitatzen genuen heinean minduko gaitu. Bereziki axola ez bazaigu, berdin zaigu galera. Hori da kulturarekin ere gertatzen dena: oso egoera larrian dago sektorea, baina kulturak ez dirudi garrantzitsuegia geure gizarte honetan. Krisialdi hau baino
lehen, une latzetan zegoen kultura. Askotan, jaso dugun mezua hauxe izan da: kultura ez da ezinbestekoa. Baina kultura gu guztiok gara, bizitza bera da, kultura. Imajina ezazue bizitza zinema, musika, dantza, antzerkia, liburu, bideo-joko barik. Antzerkiak, liburudendak, zinema-aretoak tenplu zibilak dira, eta beharrezkoak .
Kulturarekiko dugun kontzeptu eskasa ez da berria, prekarietateak –hau oso tristea da- bokazioaren magalean indarra hartzen du. Geure munduan, oso ohikoa da lanak balio duena baino askoz gutxiago kobratzea ala, are tristeagoa, ez kobratzea. Egun, liburu edo pelikularen bat ordaindu barik deskargatzeak ez du dilema etikorik planteatzen sikiera. 2018tik hona, artistaren estatutuaren gaia mahai gainean dago hurrengo helburuarekin: artistek eta kultura-arloko profesionalek bidezko lan- eta bizi-baldintzak dauzkatela ziurtatzea, baita gainerako langileen eskubide (eta betebehar) berberak ere. Frantzian, dagoeneko, badago horrelako zer edo zer, baina badakigu zer gertatzen den ezinbestekoak diren gauzekin: gero gerokoak.