Duela egun batzuk bideoklip bat aurkeztu zen Lamuza Eskolan segregazioaren eta arrazismoaren aurka, ikastetxeko guraso elkarteak antolatuta. Biziki miresten dut guraso eragileen lana, baina bereziki maite dut Lamuzakoa. Bertan ikasi nuen EGB amaieran, eta nire semeak han egin zuen Lehen Hezkuntza osoa. Beti izan da ikastetxe xume bat. Egia esateko, Laudioko gainontzeko ikastetxe publikoak bezain apala da, pribatuekin alderatuta.
Herri honetako udal gobernuek -EAJk eta Ezker Abertzaleak- sistematikoki sustatu dute itunpeko hezkuntza pribatua modu lotsagabe eta bidegabe batean. La Milagrosa eta Laudio Ikastola izan dira udal-laguntzen politika horren onuradun nagusiak (obrak, inbertsioak, eraikinen lagapenak...). Ikastetxe publikoak -zeintzuetan erlijioa eta euskara ere dagoen izan dira diskriminatu nagusiak. Denbora kontua zen horietako bat immigrazioaren eta kultur aniztasunaren eskola izatea.
Printzipio afera bat da: Publikoa defendatzea izan beharko litzateke berdintasuna bilatzen duen edozein politikaren funtsezko ardatza. Euskal eskola publikoarentzat ezinbestekoa da laguntza eta inbertsio publikoak hobestearen beharra aldarrikatzea. Modu horretan askoz errazagoa izango litzateke guraso elkarteen eta Lamuza Ikastetxekoa bezalako zuzendaritzen jarduna, dudarik gabe.