Azken urteetan bezalaxe, Zolloko jai batzordeak programa interesgarria eta anitza eskaini digu aurten ere. Txerrikiaz eta bertoko gastronomiaz gozatzeko leku aproposa izateaz gain, kirolerako, parrandarako eta giro berezi batez gozatzeko aukera ematen digu jai bitxi honek. Ostiralean, San Martin egunean, hain zuzen ere, goizeko 12:30etik aurrera, Bidebieta trikitixaren soinuaz girotuta, bertoko Dani Arkotxak Berazaluze IX.ren kontra partida jokatuko du, lau t´erdian. Gauean, gorputza gogotsu astintzeko aukera egongo da Sute kontzertuarekin eta Zirkinik Bez erromeriarekin.
Larunbat eguerdia umeen eguna izango da eta gaztelu puzgarriekin eta tailerrekin primeran pasatzeko aukera izango dute. Gauean, berriz, inguruko herrietako parrandazale guztiek aukera ederra izango dute paraje eder honetan musikaz eta giro apartaz gozatzeko: Barrastakada batukada, Apurtu Arte, Nik khaos, Bizardunak eta Tximeleta taldeei dagokie gazte eta beterano guztien gorputzak mugiaraztea. Gau honetarako, antolatzaileek autobus-zerbitzua prestatu dute, ordu erdiro, Ugaotik Zollora eta alderantziz, gaueko bost erdiak arte.
Igande eguerdian Ugaoko Etorki dantza taldea ikusteko aukera egongo da, eta, amaitzeko, hurrengo larunbatean, azaroak 19, herri bazkari batekin esango diegu agur aurtengo San Martinei. Esan bezala, antolakuntzatik dena prest dago, eguraldi iragarpenak onak dira eta inguruko azken jaiak izanik aitzakiarik ez dago, bada, Zolloko jaiei ezetzik esateko.